argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren aurkako III. futbol txapelketa ospatuko dute larunbatean Santutxuko Karmelan
  • Abuztuaren 17tik Santutxuko Karmelan lo egiten ari diren pertsona desplazatuei elkartasuna adierazteko, arrazakeriaren aurkako futbol txapelketa ospatuko dute irailaren 1ean.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 29a
Irailak 1eko egitaraua (Argazkia: @KARMELAbizirik)

Txapelketak egun guztia iraungo du, partidak goizez eta arratsaldez izango dira. Partidekin batera reggae musika entzungai izango da Pantx kolektiboaren eskutik. Bizkaiko federazioko emakumezko epaileek zuzenduko dituzte futbol partidak.

Atxuri eta Bilbo Zaharretik pasa ostean, Santutxura leku aldatu zuten  Bilbora iristen ari diren migratzaileen harrera egiteaz arduratzen den sarea. 148 pertsona egon ziren lotan astelehen gauean. Instituzioen utzikeria salatu nahi dute eta horretarako gosariak eta ekintza ugari antolatu dute.

2016an hasi zuten KRML Bizirik egitasmoa Karmelo ikastola zegoen tokian. Auzoko talde ezberdinek ekimenak egiten dituzte erabilerarik gabe geratu zen tokian. Karmela izena jarri zioten guneak “izaera feminista, migratzailea, langilea, euskalduna eta errebeldea” duela azaldu dute.