argia.eus
INPRIMATU
Arartekoaren justizia errestauratibo bidez konpondu dute arrazakeria gatazka bat, epaitegira jo gabe
  • 2023ko irailean, jatorri senegaldarreko hiru pertsonari Gasteizko gaueko aisialdirako lokal batera sarrera ukatu zieten. Diskriminazioa jasan zutenak eta lokaleko jabea Arartekoaren egoitzan bildu dira, eta akordio batera iritsi dira.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 02a
Manuel Lezertua Rodriguez EAEko ararteko izendatu zuten 2015ean. Argazkia: Ararteko.

2023ko irailean jazo zen gertakari arrazista bat konpondu dute justizia errestauratiboa erabilita, eta epaitegira jo behar izan gabe. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Arartekoak –herritarren eskubideak babesten dituena euskal administrazioen jardueren eta politika publikoen aurrean– bideratu du bi aldeen arteko elkarrizketa. Zehar-Errefuxiatuekin gizarte-erakundeak Arartekoari jakinarazi zion Gasteizko gaueko aisialdirako lokal batean sarrera ukatu zietela jatorri senegaldarreko hiru pertsonari. Ertzaintzak ez zuen atestaturik ireki edo ikerketarik egin, eta Eraberean sareko –Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen parte dena, Eusko Jaurlaritzak sustatua– Batzorde Juridikoak, ACCEM erakundearekin koordinatuz –errefuxiatuen eta migratzaileen bizi-kalitatea hobetzea helburu duena–, salaketa egitea erabaki zuen, “arraza edo etnia-jatorriagatik bereizkeria” gertatu zelako, Arartekoaren webgunean irakur daitekeenez.

 

Ados jartzeko metodo berria

Arartekoak adierazi du era askotako kalte eta gatazken biktimek “orain arte prozedura judizial eta administratiboetara jotzeko beste biderik” ez zutela. Gatazkak eta desadostasunak ikuspegi berri batetik lantzeko jarduera proposatu du erakundeak, eta helburu nagusitzat duen “epaitu gabe eta enpatiaz” aritzea du.

Arartekoaren ebazpenean irakur daitekeenez, bi aldeak pozik agertu dira elkarrizketaren emaitzarekin. “Inoiz ez nuen pentsatu egunen batean gonbidatuko zidatenik jendeak ni entzuteko, nire minak eta tristura partekatzeko, Gasteizera etorri nintzenetik arrazakeriagatik urte askotan jasan dudana”, adierazi du diskriminazioa jasandako pertsonetako batek. Lokalaren jabeak nabarmendu du “immigrazioaren sufrimendua beste ikuspuntu batetik ulertu ahal izatea” ahalbidetu duela elkarrizketak.

Bi aldeek barkamena eskatu diote elkarri: jabeak, “gau hartan sufritu zuten guztiarengatik” elkartasuna adierazi die; eta kaltetuetako baten bikotekideak, lokalaren kontrako “kanpainak establezimenduko zerbitzariengan eta jabearengan sortutako ondorioengatik”.

 

Lokalaren jabea eta kaltetuak, elkarrizketan

Arartekoaren esanetan, “nahiko zabalduta zegoen pertzepzio baten arabera, aisialdiko establezimendu batzuetan, berariazko jokabideak errepikatzen ziren”. Gertakariak gizarte-oihartzun handia izan zuen eta auzo-ekimen bat antolatu zuten, Erreparorik gabeko eskubideak deiturikoa.

Lokalaren jabeak, salaketen aurrean, Gasteizko Udalarekin harremanetan jartzea erabaki zuen eta “Berdintasun Zerbitzuaren eta Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren” babesa eskatu zuen. Difamazioagatik eta irainengatik salaketa jartzeko mehatxua egin zuen jabeak.

Desadostasun eta jarrera ezberdinen aurrean, Eraberean bi aldeekin harremanetan jarri zen, eta sareak eskaera egin zion Arartekoari “bi aldeen arteko elkarrizketa bat ahalbidetzeko esku har zezakeen aztertzeko”. Erakundeak esku hartzea onartu zuen, bi aldeei zirkulu errestauratibo bat egitea proposatu zien eta biek onartu ondoren, Arartekoaren egoitzan bildu dira, artekarien laguntzarekin elkarrizketa izateko. Arartekoaren hitzetan, “kaltetutako pertsonek eta gainontzeko parte-hartzaileek murrizketarik gabe hitz egin eta akordioak lortu ahal izan zituzten, etorkizunean horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin”.