argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeria sozial eta instituzionala salatu dute, Bilboko Udalak hainbat pertsonaren aterpe zen gunea hesitu ostean
  • Bilboko Udalak hainbat pertsonaren aterpe ziren Atxuriko kirol pistak itxi ditu. Erabakiaren atzean arrazakeria soziala eta instituzionala gordetzen dela salatu dute asteartean egindako elkarretaratzean, eta udalari hesiak kentzeko eskaria helarazi diote.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko urtarrilaren 05
Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia

Bilboko Udalak Atxuri auzoko kirol pistak hesitu ditu, bertan aterpe hartzen zuten pertsonei babesleku horretara sarbidea ukatuz. Urtarrilaren 3an itxi zuten espazioa, etxerik gabeko emakume bat kalean hil eta biharamunean, hain zuzen ere.

Udalaren erabakia gaitzesteko, Atxuri Harrera - Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak elkarretaratzea deitu zuen asteartean, eta hainbat kolektibo zein norbanakok egin zuten bat Atxuriko kirol pisten aurrean gauzatutako deialdiarekin. Auzotarrek jakinarazitakoaren arabera, Atxuriko kirol pistak zortzi hilabetez izan dira migratzaile gazte batzuen aterpe, horientzat bizileku bat lortzeko udalaren eraginkortasun faltaren aurrean auzotarrek espazio hori eskaini baitzieten lo egiteko eta beren ondasun bakanak gordetzeko. "Injustiziaren aurrean, auzokideen arteko elkar babesa", egin dute aldarri.

Kaltetuek ardura agertu zuten, gune hori itxita ez baita ziurra hainbat pertsonak non hartuko duten aterpe: "Kantxa horietara jende asko iristen da, gehienak jende ona, nora joan ez duena. Kantxa horiek ez dira etxebizitza bat, baina euriaz eta hotzaz estaltzen gaituzte. Gutako batzuk orain aterpetxe batean lo egiten dugu, baina anai-arreba askok lurrean lo egiten jarraitzen dute. Kantxak ixten badituzte, nora joango da jende berria?".

Elkarretaratzearen bidez "erabakiaren atzean dagoen arrazakeria sozial eta instituzionala" salatu nahi izan dute. Izan ere, adierazi dutenez, uste dute udal gobernuak erabaki hori hartu duela "ezjakintasunak eta beldur zein gorroto mezuek bultzatutako pertsona multzo baten eskaerari men eginda". Udalari hesiak kentzeko eskaria helarazi diote, azpimarratuz hesiak ezin direla izan "gizarte beharrizanen eta elkartasunaren aurreko erantzuna".

Udalaren arrazakeria seinalatuz, ondoko adierazpenak egin dituzte kirol pistetan lo egiten zutenek: "Guk badakigu ez garela Udalaren gustuko. Polizia egunero etortzen zaigu goizeko zazpietan esnatzera. Eta orain, Udalarena ekintza arrazista dela ikusten dugu. Ez zaigu gustatzen. Eta uste dugu Bilboko jende on askori ere ez zaiola gustatuko, hilabete honetan hotz eta euri asko egingo baitu. Inork ez du merezi kalean lo egitea. Garrantzitsuena ez da bakarrik kantxa ixtea. Garrantzitsuena aterpea edo etxebizitza bat ematea da, kalean ez egoteko. Baina Udalak ez digu begiratu ere egiten".

Aurrekariak dituen ekintza

Atxuriko kirol pistetakoa ez da Bilboko Udalak kalean bizi diren pertsonek aterpe gisa erabiltzen duten eremu bat hesitzen duen lehen aldia. Denborak gehiegi atzera egin beharrik gabe, iazko otsailean Euskalduna zubipean eraikitako etxoletatik kanporatu zituen hainbat pertsona, gazte migratzaileak kasu horretan ere.