Areto komertzialetara iritsi da Ridley Scott britainiarraren Exodus ikusgarria, Moisesi buruzko istorio biblikoa. Efektu berezien bidez sinesgarritasuna hainbeste zaindu duen zuzendariak, ordea, aktore zuriak erabili ditu Antzinako Egiptoko pertsonaia afrikar nagusiak antzezteko.
Are gehiago, Moises edo Ramses II.a bezalako protagonista boteretsuen rolean aktore zuriak ari dira, eta filmeko esklaboak, zerbitzariak, lapurrak, hiltzaileak, behartsuak aldiz, aktore beltzek antzeztu dituzte. Horren aurrean, hainbat kolektibok arrazakeriaz salatu dute proiektua eta boikoterako deia egin dute.
Salaketak sare sozialetan izan duen oihartzunari erantzunez, Scottek honakoa adierazi du: “Aurrekontu hau daukan pelikula bat ezingo nuke egin Mohammed Ez-dakit-zer aktore nagusi gisa duen proiektua aurkeztuz, ez nuke finantziaziorik lortuko”.
Bibliaren egokitzapenek joera horixe izan dute; esaterako, Kleopatra Elizabeth Taylorrek antzeztea ere oso kritikatua izan zen 1963an, Egiptoko erregina beltza zela jakinik. 1920-1960ko hamarkaden artean, Hollywooden ohikoa zen zuriek beltzen rolak antzeztea, makilatuta (blackface delakoa). Gaur egun, aktore zuriak aukeratu izan dira beltzak behar luketen pertsonaiak antzezteko, edo fakzioak itxuraldatu dizkiete (marrazki bizidunetan, adibidez, kritika ugari jaso izan ditu Disneyk).
Baltasar “zuria” Iruñeko Errege Kabalgatan
Beltzez margoturiko zuriak ez zaizkigu arrotz Euskal Herrian. Gabonetan, Baltasar Errege Magoa herritar zuri batek antzezteko joera aldatu dela dirudi herri gehienetan, baina pasa den urtarrilean kanpaina abiatu zuten Iruñean, bertako kabalgatan ateratzen den Baltasar erregea benetako beltz batek interpretatu dezala eskatzeko. Facebooken horretarako sortu duten taldeak 4.500 kidetik gora ditu eta Change.org-en abiaturiko eskaerak 5.000 sinadura baino gehiago bildu ditu. Arraza guztietako jendea bizi den herrian, Baltasar pertsona zuri bat izatea “lotsagarria” eta “iraingarria” dela diote kideek.