argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeria poliziala salatu dute Eusko Legebiltzarrean
  • Pertsona arrazializatuen identifikazio sistematikoak, horien aurkako gehiegikeria poliziala eta ekintza horien inpunitatea salatu dute Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, 118 eragilek sinaturiko 29-M Stop Arrazakeria Poliziala manifestua abiapuntu.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 18a

Bilboko San Frantzisko auzoan, Ertzaintzak ama-semea bortizki nola atxilotzen zituen grabatu eta zabaldu zen iaz, eta horren harira hainbat kolektibok salatu zuen auzoa "militarizatuta" dagoela, eta bertako biztanleria, migratzaile eta arrazializatua, “polizia abusuak eta tratu txarrak” jasaten ari dela. Gertaera hark eman zion hasiera Eusko Legebiltzarrean Bizkaiko SOS Arrazakeriak aurkeztu duen manifestuari.

“Praxi txarren bat detektatzen den kasu guztietan bezala, bideoa ikertzen ari gara", adierazi zuen orduko hartan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu zenak, baina barne-ikerketa horren berririk ez dutela argitu dute SOSeko kideek.

Gertaera hura icebergaren punta baino ez dela adierazi dute, poliziaren jokabide arrazista ohikoa dela eta gainera inpunitatez aritzen direla. “Jendea ez dute ekintzengatik gelditzen, ezaugarri fisikoengatik baizik”.

Datu esanguratsua gehitu dute Batzordean: SOS Arrazakerian jasotako salaketa gehienak poliziaren jokaeren aurkakoak dira.

Poliziaren jokabide horiek diskriminatzaileak eta ilegalak direla gogoratu dute eta horiei aurre egiteko neurriak proposatu dituzte. Hala nola, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren prozedurak kontrolatzea, ertzainak eta udaltzainak hautatzerakoan eta prestatzerakoan kontuan hartzea izan ditzaketen aurreiritzi eta jarduera arrazistak, eta Poliziaren gehiegikeriek duten inpunitatea ezabatzeko salaketak ahalbidetzea eta bermatzea.