Iruñea Harrera Hiria ekimenak deituta, ehunka lagunek egin zuten topo atzo Iruñeko Gazteluko Plazan emakume migratzaileen eskubideak defendatzeko.
Martxoak 8ko greba feministarako hiru egun eta Europako Legebiltzarreko hauteskundeetarako bi hilabete eta erdi falta direla, ehunka lagunek bat egin zuten atzo arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan emakume migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko. Iruñea Harrera Hiriak deitutako kontzentrazioa Europa osoan zehar maiatzaren 5ean egingo den Herrien Besarkada mugimenduaren barneko ekintza izan zen. Euskal Herrian, Durangon izango da ekitaldi nagusia.
Gazteluko Plazako kioskotik irakurritako manifestuaren bidez, Iruñea Harrera Herriko kideek “Atzerritar Legea indargabetzea eta Atzerritarrentzako Internamendu Zentroak ixtea” exijitu zuten. Bestalde, Europako hauteskundeetan eskuin muturreko alderdien gorakada posiblearen inguruko kezka azaldu eta jada Europako Batasunaren mugetan gertatzen ari den “migratzaile, pobre eta errefuxiatuen kontrako gerra irekia” salatu zuten. Guda hau, Iruñea Harrera Hiriak esan bezalaxe, “gizarte heteropatriarkalak emakume eta LGTBI kolektiboa osatzen dutenen aurka” mantentzen duenaren oso antzekoa da.
Are gehiago, duela hamalau urte Turkiatik etorritako Ebru döne Göker Iruñea Harrera Hiriko emakumeak atzo esan zuen moduan, migratzaileen artean “arrazakeria instituzionala” gehien jasan behar izaten dutenak emakumeak dira. Izan ere, haiek baitira “familia gehien zaintzen dutenak: hemengo biztanleen senitartekoak zaintzen ditugun bitartean, gure familiartekoak zaintzen jarraitu behar dugu”, esan zuen. Honen harira, “Bizileku Legeak ez duela migratutako emakumeen benetako egoera kontu(t)an hartzen”, baizik eta sexu edota lan esplotazioen aurrean “ahulagoak” egiten dituela aipatu zuen. Hala ere, “diskurtso paternalista alde batera uztera” eta emakumeak beren kabuz ahalduntzera deitu zituen Ebru döne Gökerrek.
Berak, hamabost urteren ondoren, oraindik ez du herritartasuna lortu. Etorkina eta emakumea izateak dakartzan arazo guztiak jasanda, hausnartzeko honako galdera hau bota zuen turkiar jatorrizko nafarrak: “Emakumeen askapenari buruz hitz egin dezakegu zaintzaren lana beste kolore, hizkuntza edo jatorrizko emakume baten eskuetan uzten ari garen bitartean?”
Emakume migratzaileentzako positiboa izan daitekeen galderari erantzuna emateko, argi dago kolore, hizkuntza eta jatorri anitzetako emakumeen besarkada behar-beharrezkoa dela, baita gizonena ere. Horretarako funtsezkoak dira hurrengo elkarretaratze hauen gisakoak: martxoak 8, maiatzaren 4an Iruñean eta 5ean Durangon. Besarkada ahalik eta gehien estutzeko, atzo salatutako faxismoa, xenofobia eta matxismoa ito arte.