argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeria eta LGTBfobia, gorroto delitu nagusiak Hego Euskal Herrian
  • 2021ean salatutako edo ezagututako gorroto delituen berri eman du Espainiako Barne ministroak. Hego Euskal Herrian, 309 kasu zenbatu dituzte denera, baina askoz gordinagoa da errealitatea: gorroto delituren bat jasan dutenen %80ak ez du salatzen, hainbat ikerketaren arabera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 05
Black Lives Matter mugimenduari lotutako protesta bat, Bilbon. Argazkia: Ecuador Etxea

Hego Euskal Herrian, gorroto delituen arrazoi nagusia arrazakeria edota xenofobia dira, alde handiz –zerrendaturiko gorroto delitu guztien erdia baino gehiago–. Atzetik datoz, ordena honetan, sexu edo genero joera jomuga duten delituak, ideologia jomuga dutenak, sexu edo genero diskriminazioa, eta ijitoei gorrotoa. Gainerako motibazioek zifra txikiak utzi dituzte 2021ean. Dena den, aipatu moduan, asko eta asko dira ezkutuan geratzen diren mota honetako delituak.

Lesioak, mehatxuak, kalteak eta irainak bildu ditu 2021eko txostenak, eta jasotako datuen arabera, espazio publikoan egin dira delitu gehienak. Kasu kopuru handiena jazotzen diren bigarren lekua etxea da.

Erasoaren iturburua eta arazoa ez da biktimaren azal kolorea edota sexu joera, erasotzailearen arrazakeria edota LGTBfobia baizik

Ultraeskuina lekua irabazten ari den garaiotan, Espainiako Barne ministeriotik gogoratu dute gorroto delituak pertsonen kontra zuzentzen diren arren, azken buruan kolektibo jakin batean beldurra eta segurtasun falta eragitea ere baduela helburu delitugileak. Hain justu, fokua biktiman baino, erasotzailean jarri behar dela aldarrikatu dute hainbat kolektibotatik, erasoaren iturburua eta arazoa ez baita biktimaren azal kolorea edota sexu joera, erasotzailearen arrazakeria edota LGTBfobia baizik.