argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeria eta homofobiazko gorroto-delituak bikoiztu egin dira EAEn 2020an
  • Ertzaintzak 2020an 241 gorroto-delitu erregistratu zituen, aurreko urtean baino bi bider gehiago (105 kasu zenbatu zituen 2019an). Horietatik %48,5 (117 kasu) arrazistak edo xenofoboak izan ziren, %21 (50 kasu) sexu-orientazioarekin eta sexu-identitatearekin lotuta zeuden, %12 (29 kasu) dibertsitate funtzionalarekin eta %10etan (24 kasu) oinarria ideologia eta joera politikoa izan zen.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 01a
Eusko Legebiltzarrean \"Gorroto gertakariei buruzko 2020ko txostena\" aurkeztu dute maiatzaren 31n. Argazkia: irekia.eus.

Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dute maiatzaren 31n Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2020ko Txostena. Lan hau EHUko Jon Mirena Landak eta Enara Garrok zuzendu dute eta bertan aztertu dituzte Ertzaintzak iaz erregistratutako 241 gorroto-delituak.

Gorroto-delituek gora eta arrazismoa eta homofobia nagusi

2020an egindako gorroto-delitu gehienak arrazistak izan dira: 117 kasu guztira (gorroto-delitu guztien %48,5) eta aurreko urtearekin alderatuta bikoiztu egin da, 2019an baino 61 kasu gehiago izan baitira. Kolektiborik kaltetuenak dira arabiarrak (29 kasu, eraso arrazisten edo xenofobo guztien %25), beltzak (24 kasu, %20,5), nazionalitateagatik edo jatorriagatik eraso egin zieten pertsonak (25 kasu, %20,3), latinoak (17 kasu, %14,5), ijitoak (9 kasu, %8) eta asiarrak (1 kasu, %1).

Bigarren jazarrien den multzoak sexu-orientazioarekin eta sexu-identitarekin du lotura: erregistratutako gorroto-delituen %21 jaso dute (50 kasu). Hemen ere igoera nabarmena izan da, 2019an baino 37 kasu gehiago baitira erregistratutakoak. Kolektibo erasotuenak izan ziren gayak (31 eraso) eta transgeneroak (10 eraso), eta lesbianak (3 eraso).

Txostenak ondorioen atalean dio 2020an nabarmen gora egin dutenak aniztasun funtzionalarekin lotutako gorroto delituak izan direla: 29 kasu izan dira, delitu guztien %12a, eta 2019an baino 23 kasu gehiago. Hauen artea gorroto-delitu gehien jasan zituzten pertsonak desgaitasun mentala zutenak izan ziren (9 kasu, dibertsitate funtzionalagatik egindako eraso guztien %31), eta ondoren desgaitasun fisikoa zutenak (5 kasu, %17), desgaitasun psikikoa zutenak (4 kasu, %14) eta sentsoriala zutenak (4 kasu, %14).

Gorroto-delituen %10etan (24 kasu) azpian ideologia eta orientazio politikoa egon zen, eta honek ere igoera nabarmena izan du: %33, 6 kasu gehiago alegia.

Delitu guztien %7k (16 kasu) biktimaren sexuarekin zuten zerikusia eta gainerako %2k: aporofobiarekin (2 kasu), adinarekin (1 kasu), antisemitismoarekin (1 kasu) eta sinesmen eta praktika erlijiosoekin (1 kasu).

Kalean eta etxean erasotuak

2020an gorroto-delitu gehienak (%38,6) kalean gertatu ziren eta, kasu askotan, biktima bizi zen lekuaren inguruan. Kasuen %25a, berriz, etxean bertan izan ziren. Kasuen %8 baino ez ziren gertatu ostalaritzako, aisialdiko edo antzeko lokaletan, txostenaren arabera, "pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketengatik". Ia ostalaritzako eta aisialdiko eremuan adina gorroto-delitu egin dira 2020an Interneten: kasu guztien %7,5 dira.

Gizon euskaldunak erasotuenak eta erasotzaileenak

Txosten honek aztertutako kasuen arabera, biktimen %59 (203 pertsona guztira) gizonezkoak izan ziren eta %41 (143 pertsona) emakumeak. Jatorriz, gehienak euskaldunak, 150. Eta bataz beste biktimen adina 28 urtekoa izan zen.

Inputatutako pertsona gehienak ere gizonak dira (115, guztien %72,5) eta 44 dira inputatutako emakumeak (%27,5). Jatorriz erasoa egin duten gehienak euskal herritarrak dira, 86 guztira (erasotzaile guztien %85). Eta erasotzaileen bataz besteko adina 37 urte ingurukoa izan zen.