Bost egunen buruan zintzo eta argi mintzatu ziren Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Confebaskeko buru Eduardo Zubiaurre: “Edo langile gutxiago geratzen da edo guztiak geratzen dira enpresarentzat kostu txikiagoarekin”, esan zuen Zubiaurrek; soldatak jaitsi behar dira “langileen formakuntzan diru gehiago inbertitzeko”, Tapiak. Eta haiek jaitsiko balute soldata formakuntza pixka bat jasotzeko? Zehazki, enpatia landu dezaten, arrautzaren zaintzaren teknikaren bidez.
Emakumeei edota seme-alabei tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin lan egiten zuen psikologo baten testua irakurri nuen aspaldi. Gizon horien ezaugarri komunetako bat –homofobiaz edo eredu hipermaskulinizatuez gain, besteak beste– enpatia eza zela zioen. Hainbesteraino, ezen asko ez ziren ohartu ere egiten egurtzen zituzten izaki horiei sufriarazi egiten zietela. Hainbesteraino, ezen, ia hutsetik hasi beharra zegoen ‘bestearen azalean’ jartzeko gaitasuna gara zezaten: ohiko ariketa zen erasotzaileari arrautza bat ematea zaintzan, apurtu ez zekion mandatua emanez. Ardurak sentipentsamendu berriak sortzea zen helburua: “Zer behar du ‘besteak’?”, “hauskorra da eta apurtu daiteke”, “zaindu behar dut”...
Tapia eta Zubiaurreren (etengabeko) adierazpenek gaiztakeria baino enpatizatzeko gaitasun eza adierazten ote duten nago –langileekin enpatizatzeko gaitasun eza; merkatuaren, porlanaren edo enpresarien azalean jartzeko erraztasuna bai baitaukate–. Kontuan izanik zenbat pertsonen bizitzen gainean hartzen dituzten erabakiak eta zer garai bizi ditugun, mereziko luke ariketan inbertitzeak.
Agian ez da beharrezkoa, pentsatzekoa baita Idoia Mendiak, sozialista, Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakari orde boteretsu izaki, ez duela baimenduko langileen aurkako politikarik Jaurlaritzan, neoliberalak estu hartuko dituela. Baina kontuz, ezustean Olaizola-Urruti-Altuna-Ezkurdia laukoteak hartu baitiezaioke aurrea lan gatazka guztien betiereko konponbidean, “eurek gidatuko duten” elkarte berria sortuz eta langile, sindikalista eta grebalari orori 48 ordu emanez beren magalera batzeko. Eskerrak lerratu gabeko langileak ere badiren, esango luke Bingen Zupiriak. Jokin Bildarratzekin eta Paulo Coelhorekin bat nator: ozpinkeria gutxiago, irribarre eta proposamen eraikitzaile gehiago; pankarta eta greba gutxiago, arrautza(kada) bana Tapia eta Zubiaurrerentzako.