argia.eus
INPRIMATU
‘Arraun egin zure planetaren alde’ dokumentala aurkeztuko dute ostiralean Miarritzen
  • Arraun egin zure planetaren alde dokumentala lehen aldikoz proiektatuko dute Miarritzeko Le Royal zinema gelan otsailaren 28an. Kutsaduraz eta aldaketa klimatikoaz arduraturiko hainbat surflarik hondartzetan eraman borroka kontatzen du dokumentalak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko otsailaren 27a

"Hasiera batean kutsaduraz eta aldaketa klimatikoaz arduratuta zeuden hamar bat lagun ziren. Miarritzeko G7aren goi bileraren iragarpenarekin batera, hileko lehen larunbatetan beraien ingurua mobilizatzea erabaki zuten hondartzetan ekintzak eginez. Pixkana-pixkana mugimendua handituz doa eta ozeanoaren maitale den oro biltzen da bertan". Horrela laburbiltzen dute "Arraun egin zure planetaren alde" mugimendua Sabina Hourcade eta Lucie Francini Surfrider Fondation elkarteko militanteek. Hurbiletik segitu zuten surflarien mugimendu hau, baita izen bereko dokumentala ekoiztu ere.

Hona hemen laburpena euskaraz azpititulaturik:

 

 

Dokumental horren lehen emanaldia eginen dute otsailaren 28an, 20:30ean Miarritzeko Le Royal zinema gelan.

"Herritar arduratsu bihurtzeko bide bat"

Arraun egitea ekintza militantea den galderari ondokoa erantzuten diote dokumentalaren ekoizleek: "Beste elkarte batzuen ekintzekin alderatuta militantea baino sinbolikoagoa da hau. Baina konpromiso garrantzitsuagoak hartzeko hasiera izan daiteke, ingurugiroa babestu eta herritar arduratsu bihurtzeko bide bat, kontsumitzaile huts izan beharrean, eta hori asko da!".

G7ak Miarritzen zeukan gailurra jomugan harturik, hamabi mobilizazio burutu zituzten gailurraren aurreko urtean: hilabetean behin batzen ziren surflariak, taldean ingurumenaren aldeko mezua zabaltzeko.