Goizeko saioaren ostean, eguerdia hankak luzatzeko eta indarrak hartzeko baliatu dute entzuleek. Bati eta besteari entzunaz, buruz bururako izen ugari jasoko ditu galdetzen duenak, eta Ametsek bi bider botatako "parte" hitzen interpretazio anitzak ere bai. Arratsaldeko saioa entzuteko ona da jokoa irekita egotea. Arratsaldean saio biribilak entzun dira: artikulu honetan dituzu bakarkako lan guztiak. Buruz burukora Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio pasatu dira, ordena alfabetikoan esanda.
Arratsaldeko saioaren zuzeneko kronika berrituz joan gara albiste honetan.
Goizeko errepaso modura, irudi eder hauek goza ditzakezu, Dani Blancoren argazkien bidez. Goizean entzun diren puntu erantzun biribilak hemen dituzu irakurgai. Eta ganbarako gaian bertsolari bakoitzak hartu duen bidea ezagutzeko, jo artikulu honen bukaerara: Entzuleen irribarre konplizearekin bukatu da goizeko saioa. Goizeko saio denak entzungai daude bertsoa.eus webgunean.
Eguerdiko etenaren ostean, berriz ere zoriak hautatzen du zein ordenatan kantatuko duten bertsolariek arratsaldeko saioan. Honela aritu dira: Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Joanes Illarregi eta Aitor Mendiluze.
Bazkalostetik agurra umorez eta intentzio sendoak adieraziz egin dute gehienek. Exigenteenen gustu mizkinei erantzuteko, goizekoa baino saio hobea egiteko borondatez edo. Hauek kantatu diren agurrak:
Alaia Martinek goizeko ganbarako gaiarekin egin du jokoa:
Beno, ase al gara?
Jatez ta edatez?
Gozatu al duzue
txarangaren kantez?
Postrea prestatuko
dugu kalitatez
beraz entzule maite
goxo eser zaitez
oholtzara igo naiz
“bale”, arnas batez.
Ilusioz, irrikaz
eta borondatez
eta kantatuko dut
hitz bakoitza maitez
irri handi batekin
ta konplizitatez
Nerea Ibarzabalek honela bota du:
Kabitzen ote gara
berriz argazkian?
Ezpatak ta labanak
takilen saskian
utzi al dituzue
berriz arrastian?
Trankil guk sartu dugu
modu narrastian
asmo punta-zorrotz bat
mingainen azpian
Sustrai Colinak jauzia egiteko karrerilla hartu du agurrean:
Hasi pasioak ta
grinak bateratzen
bizirik ez dagona
ez da alteratzen
bihar utzi aurretik
hezurrak beratzen
saiatu nadin azken
txispak ateratzen
azken saltoa eginda
airean geratzen.
Maialen Lujanbiok duela bost urte bizkar-kolpez agurtu zuen Messiri egin dio erreferentzia:
Ia sagardo, ardo
patxaran ta abarren
tragoak hona ere
txinparta dakarren...
Ganbaran egon gara,
palkoan, Sadarren
zelaia hutsik eta
Lionel Qatarren…
mobilei diximuluz
begiratu arren!
Beñat Gaztelumendiren agurra:
Lehenbizikoa joan da
hau bigarren proba.
Lehen begira egon naiz
areto ondora
beroki distiratsu
ta txandalak moda
hango mahai, hango aulki,
hango kantinplora
Decathlon gure kontu
aberastuko da.
Amets Arzallusen agurra:
Bazkalostean pistan
ibili naiz oinez
eta pankartak leitu
ditut atseginez
batean agertzen naiz
hortzetako minez
herri hau borobiltzen
zaila dago zinez
baina lortuko dugu
ezina ekinez
ta egun hau borobildu
dezagun gutxinez.
Joanes Illarregi ere hortzak estututa agertu da agurrean:
Hamar zein bi koma bosta
zuzen edo estropozka
orain goruntz azken koxka
ez du merezi orain hasteak
tentso, mekaguendioska
nahiz ta bazkaltzea kosta
egin nahi dut azken hozka
horretarako gatoz ta.
Aitor Mendiluzek publikoaren erreakzioa piztu du epaimahaiak aipatu dituenean agur honetan:
Behin pasatzen denean
jateko denbora
animo hitzak datoz
gehienon ahora
heldu elkarri eskutik
eta goazen gora
epaimahaikoek esan
dezatela nora
geratzen den zatia
latza izango da.
Arratsaldeko saioan hamarreko txikian gai serioak izan dituzte hizpide, eta puntukakoan berriz, denek hartu dute umoretik. Puntukako saio guztiak izan dira biziak eta publikoak bero erantzun du puntada zorrotzen aurrean.
Ondoren, bakarkako gaien txanda heldu da:
Bakarkako lan biribilak josi dituzte hainbat bertsolarik, lehen puntutik azkenekora.
Alaia Martin izan da lehena bakarkako gaiari erantzuten. Hauxe da jarri diotena: “Gobernuz kanpoko erakunde bateko kidea zara. Gazara bidean zoaz bi hilabete pasatzera, bertako haurrekin lan egitera”. Leteren “Zutaz maite” doinuan aritu da, bere gustura ekarrita kantatuta:
Umeen lanbidea
ez al da jolasa?
Librea hitz egitea
ta hartzea arnasa
haziz hazi joatea
goxo euren kasa
baina batzuei antza
ezin zaie pasa
pixkana zabalduaz
Pandoraren kaxa
odolez zikindu da
munduko Atlasa
baina ohartuz gero
begitan dut gatza
munduko zaurietan
minena da Gaza.
Ukraniako gerra
soilik al da txarra?
Gazakoari jaitsi
al zaio aparra?
Han erabakimena
baita militarra
ta umeak dabiltza
izu ttirri-ttarra
hargatik auspotuaz
aipu irlandarra:
eurengan jarri nahi dut
mimoa, indarra
lurra ez dadin izan
bakarrik bi marra
ta mendeku izan dadin
euren irriparra.
Gobernuek itxita
bide eta aho
eskuhartzea haiengan
ze gauza arraro!
Laguntza ta mezurik
haientzat ez dago
nahiz ta gerra luzatu
litekeen luzaro
nik daukadan onena
baitut eramango
animo faltsurikan
ez diet esango
hegazkintxo batean
naiz hara joango
ta bueltakoan ez naiz
berdina izango.
Nerea Ibarzabalen txanda izan da ondoren. Gaia: “Urte luzez ixilik geratu ondotik, ttikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu”. Hauek bota dituen hiru bertsoak, "beste bateko inularretan" doinuan:
Nik ez nituen ondo bereizten
ukitua, erasoa
baina barruan ur putzu beltz bat
izan dut ondo jasoa
urte luzetan ez dut ikusi
barreneko arazoa
baina gutxien uste denean
esnatzen da marrazoa
ta olatu bat bezala bueltan
iritsia zait atzoa
bere eskuak, bere begiak
bere arnasa mantxoa
amets gaizto bat bilakatu zen
nire osabaren altzoa.
Ta behar bada hau izango da
kontatzeko momentua
ez dakit nondik bilduko dudan
hortarako talentua
erdizka nahi dut aitortza eta
beste erdia mendekua
behingoz famili hontan
hartzeko bere lekua
eta nolabait hauts bihurtzeko
nigan dudan zementua
oroitzen baitut bere hitz hori
bere ahots diskretua:
“Egon isilik hau izango da
gure arteko sekretua”.
Gero etxean izango ditut
bai susmo ta bai galdera
baina nolabait askatu behar
bihotz hontako galera
osaba zaharra dago etxean
ia ezin da atera
ta ondo dakit ez zaizkiola
irainez joango batera
baina bere erruz nire bizitza
ez da izan bizitza bera
eta egia aterako dut
dagokidan arabera
zure izena ez da hain garbi
joango lurraren pera.
Sustrai Colina altxa da mikrora hirugarrenik. Gai hau eman diote: “Pertsona ospetsua zinenean jende ugari izan zenuen inguruan. Orain, ordea, bakarrik zaude”. Saioaren hasieran eta amaieran zuzenean hitz egin dio entzuleari.
Kontatuko dizudana
Arenako estalpean
suertatu dadila kea
nire tuboeskapean
urteak baitaramatzat
itota antsietatean
bakardadeak askatu
ezin dezakeen katean
niretzat oroitzapenak
pasatzen dira kaltean
bizitza honek utzi bainau
denboratik apartean
lehen atezain titular
nintzen Sadarko atean
ta orain atezaina naiz
lurpeko parking batean.
Gogoan daukat orduan
UEFA jokatzen nuena
ta selekzioak askotan
ere deitzen ninduena
denborak ez du sendatzen
baina zauri mindu dena
nostalgikoentzat soilik
delako oroitzapena
lehenago mito bat nintzen
miretsia, hoberena
ta gaur egun pixu baten
ta bakarrik bizi dena
erre baitut sarea ta
gastatu dut diru dena
bizitza ez da izaten
inoiz izan zitekeena.
Ta ez denez bueltatuko
behin egin zuenak alde
ez diezatela egin
lehengo garaiez galde
nahiz eta orduan ginen
lagun eta futbol talde
azkenaldian ez ote
gara hamaika bakardade?
Hankak odol bihurturik
ta erraiak berriz bare
baina ordua entzule,
jokatu erruki gabe
ez beitu goitik behera
begiratu parez pare
etzara ohartzen baina
zu ere bakarrik zaude.
Maialen Lujanbio etorri da ondoren. Gai hau jarri diote: “Egun osoa besteen etxeak garbitzen aritu ondotik, zure etxera ailegatu berri zara”. Eta kantatu duen lanarekin eltzea borborka jarri du.
Lan bat finkorik ez daukat eta
ordea, hiru lan-orde
orduka egin eta indarrak
hurrengorako ere gorde
nire jabeen etxeak dira
mila klasetako lore
dizdizka hantxe ipintzen ditut
euren zilar eta kobre
ezkertiarrak, aurrerakoiak
ta zenbait bikote progre
niri ordaintzat ematen dabiltz
beltzean pare bat sobre
ni nire lanaz harro banago
baina harro bezain pobre.
Gazteak eta emakumeak
ohi dituzte aukeratzen
ongizatea hola joan zaigu
atzeratzen atzeratzen…
ze garbiketa beste lanekin
ez baitute alderatzen
eta guretzat kontratu batik
ere ez dute eratzen
lan jardunetik zortzi terditan
gauean naiz ateratzen
errekaduak egin ta gero
neure etxea zeratzen
eskubideak borrokatzeko
astirik ez zait geratzen.
Goizean goizik nere umeen
motxilatxoen karraio
haiek utzita autobusa hartu
eta patxadari aio
autobusean nire gisako
zenbait kide ta tokaio
auzo aberatsak gu denentzako
zerbait izaten darraio
lan bat hobea diru gehiago
ai, izango banu nahio!
Baina garbitzen, erratz pasatzen,
hauts kentzen hor nabil iaio
gizarte zikin honi itxura
horrela txukuntzen zaio.
Beñat Gaztelumendi altxa da jarraian. Egokitutako gaia, hauxe: “Etxea txukuntzen ari zarela, zure nerabezaroko egunerokoa aurkitu duzu”. Eta hona xehetasun eta xamurtasun handiz osatu duen saioa, bere egunerokoan herri honen erreferentziak ere agertuz:
Hara poema romantiko bat
Beñat nolako nibela!
Zenbat azukre ia ia usteltzen
ere hasi zait gibela
orduan neuzkan hamalau urte
ta orduko uste zaharren truke
betetzen nuen papela
bai realeko posterrez neukan
bete-betea logela
Urtz gustukoa nuen taldea
beste askori bezela
zenbat maitasun erromantiko
arrazoi ahul, esaldi tinko
iruditu zait horrela
beste norbaitena dela.
Ikurriña bat pegatua du
bere azalean nabarmen
garai bateko utopi haiek
ze indar, ze erakarmen!
Tapan jartzen du “Gora herria
iritsiko da udaberria”
gaur udazkena den arren
irakurriaz pentsatu dut, bai,
Beñat isil zaitez arren,
mutiko hari esango nion
gauzatxoren bat pozarren
hainbeste negu hainbeste uda
ohartzerako ja pasatu da
bai, aldatu gara garden
ta eskerrak aldatu garen.
Garai batean sinisten nuen
arrazoian eta gudan
gaur egun berriz nire burua
aldiro jartzen dut dudan
galdera ikurra eta zalantza
eguneroko nire balantza
bai neguan ta bai udan
hala gabiltza estropezuka
ikasteko abenturan
mikro aurrera atera eta
ia auzo-lotsaren mugan
baina halere jakin nahi nuke
egunez egun, urterik urte
lehen nor nintzen menturan
eta nor izan nahi dudan.
Ondoren Amets Arzallusen txanda izan da. Gaia: “Izan dituzun azken bikote harremanek ez dute aurrera egin, ez duzulako guraso izan nahi”. Amets Arzallusek lan hau osatu du:
Hiru edo lau harreman dira
ez dira izan hamaika
ta aho gustu mingots berbera
azken muxuei jarraika
gizartearen presi batek
geure atzetik darrai ta
ez naiz eredu baten fan hutsa
egiten dut nik neuk nahita
ta neska denei esaten diet
nahiz bihotzetik maita
zuk ama izan nahi duzu baina
nik ez dut izan nahi aita.
Sortu aurretik amagai bati
eransten zaion baldintza
besten begitan bizkarrean du
ekar lezakeen bizitza
eta behin ama izanez gero
ezin etzan, ezin zintza
barkatu baina nik ez nuke nahi
arau hoietara iltza
aita ta ama, ama ta aita
torturatutako hitza
zer den irudi romantikoen
presioaren bortitza.
Ez pentsa gero ni maitekiro
hurbiltzen naiz haurrengana
zinez maite dut batik bat bada
beste norbaitek ukana
nere harreman frakasatuok
ez pentsa direnik drama
bihar baten bat ezagututa
esango diot “laztana
bizi berri bat erditze hori
zeure gaitasun bakana
beste ama bat erditu zazu
ez dena izango ama”.
Ondoren Joanes Illarregiren txanda izan da. Gaia: “Lortzea hainbeste kosta zaizun epaile lana utzi duzu. Lasaiago bizi zara orain”. Joanes Illarregik hala kantatu du:
Erabakia hartu nuen ta
une horretan lasaitu
zama gehiegitxo baitu
askotan guk nahi dugun guztiak
irentsi egiten gaitu
ilusioa baneukan baina
kokoteraino amaitu
sarri bi begiak blaitu
hona heltzeko lana egin dut
baina ezin dut jarraitu
errespeturik ez den zelaian
ezin da ezer epaitu.
Hasera baten eutsi ahal nion
hasiera baten nonbait hor
baina ondoren zein gogor
futbol epaile izatez utzi
eta betorrena betor
intsultoren bat, hitz itsusi bat
entzun behar zen derrigor
denak horren abegikor!
Putasemea deitzen ninduten
baldin ta bazeuden jator
igual ez dira ohartu baina
ni ere lanera nator.
Erabakia gogorra izan da
haseratik neretzako
pasiotzat nuelako
ta gustukoa uztea beti
nahiko mingarri delako
beraz, orain bai, ikus naiteke
joko zelaitatik kanpo
gustura egin dut salto
orain partidak armailetatik
beti ikusi beharko
baina badakit nere ahotik
ze hitz ez den aterako.
Azkenik, Aitor Mendiluzek itxi du arratsaldeko saio orokorra. Gaia: “Urtero lagunekin zure hirian egiten diren zezenketak ikustera joaten zara. Gaur, lehenbiziko aldiz, ez zara zezen plazara agertu”. Hala kantatu du bertsolariak, eta azken bertsoaren azken puntuan toreroek adina txalo jaso du:
Zezen plazako nire trantzea
a ze tortura hara sartzea!
Pasako zena begitantzea
eta bizkarra tentso jartzea
baina urtero nire lagunen
ohitura izan da deitzea
bete behartzat hartua neukan
euren gisa aritzea
erabaki dut behingoagatik
eurek ezetz aditzea
begiak ixten aritu ordez
ahoa irekitzea.
Uztailaren zazpi eguna
Nafarroako festa duguna
Iruñean zezen hiltzen jarduna
mundu osoan festa ezaguna
hango marru ta hango odola
buztan, belarri bilduma
nire lagunek esango dute
“hi haiz hi tipo biguna”
baina ez nago jasateko prest
ta ez naiz ni erruduna
itxurengatik gordetzen degu
barruan daramaguna.
Denbora tarte oso luzean
aritu naiz ni zuen klasean
denbora lasai ezin pasean
nere begiak itxi ezean
baina pausorik ez dut eman gaur
zuek plazara deitzean
ta ez naiz berriz hara sartuko
zuek zoazten antzean
baina hori bai, berriz San Fermin
eguna ailegatzean
plaza kanpoan zain egongo naiz
pankarta baten atzean.