Aitite oso gazte hasi zen lanean. Goizetan Babcock&Wilcox enpresan itsasontzi-piezak egiten, arratsaldetan baserrian. Ez zuen ikasteko aukerarik izan. Hala ere, ezagutu dudan pertsonarik inteligenteena izan zen.
Behin, arrazismoaz ginela, istorio bat kontatu zidan. Erdi-ahopeka, labur eta zuzen, izaten zituen elkarrizketa guztiak bezala. Aitite hitz gutxiko gizona zen:
– Ortuan daukagun etxolan espezie bereko hiru arratoi arraza bizi dira. Basatiak, arruntak eta lodiak. Basatiak kanpoan bizi dira, basoan. Arruntak eta lodiak etxola barruan.
"Behin, arrazismoaz ginela, istorio bat kontatu zidan. Erdi-ahopeka, labur eta zuzen, izaten zituen elkarrizketa guztiak bezala. Aitite hitz gutxiko gizona zen"
Basatiek haien gordelekuak kanpoko zelaietan egiten dituzte eta badakizu azken bolada honetan basoa nahiko hutsik dagoela, egurra, harriak, lurra eta buztin asko hartu genuen etxola eraiki ahal izateko.
Arratoi lodiek abilezia berezi bat garatu zuten eta etxolako hormetatik eta habeetatik igo dezakete. Beraz, nahi adina jaten dute zeren mahai gainean uzten ditudan ogiak, frutak eta dena delakoak marraskatzen dizkidate.
Arratoi arruntak etxolaren lurzoruko zirrikituetan bizi dira. Ez dute eskalatzeko gaitasunik garatu. Aterpean lo egiten badute ere, etxolan dagoen janaria ez dute jaterik. Lodiei erortzen zaizkien hondarrekin elikatu behar.
Gauza da behin etxolako labean ogia egiten ari nintzela eszena kurioso bat gertatu zela. Arratoi basati taldetxo bat bildu zen atarian, usainak erakarrita edo. Nahiko ohikoa da. Basoan elikagaiak amaitzen direnean arratoiak etxolara hurbiltzen dira ea soberakinik jan dezaketen. Ez nion garrantzirik eman. Ogiak egosi zirenean mahai gainean utzi nituen, hoztu zitezen, eta etxera itzuli nintzen.
Atea itxi bezain pronto etxola barruan zarata batzuk entzun nituen “txik txik txik txik” antzeko zerbait. Leihotik begiratu nuenean lau arratoi lodi habeetatik behera jaisten ikusi nituen. Armiarmak ziruditen. Mahaira heldu eta ogia jaten hasi ziren, arruntek mahai azpian ogi-apurrak itxaron zituztela.
Bitartean, arratoi basati batzuk, goseak akabatuta, leihoko kristalezko zulo batetik pasatzen hasi ziren. Beira hautsita zegoen eta min egiten zien arren, askok etxola barrura sartzea lortu zuten.
Arruntek basatiak eraso zituzten, ogi-apur gogorrenetara soilik heltzeko gai baziren ere.
Arratoi lodiek mauka-mauka jaten jarraitu zuten. Halako batean, zin dagizut apropos egin zutela, ogi zatitxoak bota zituzten basatiak zeuden lekura. Arruntak haserre bizian jarri ziren, eta oihuka eta haginka ogi zatiak kendu zizkieten. Gupidarik gabe.
– Bueno aitite, nolabait… normala da– erantzun niola gogoratzen dut. Arratoiak nazkagarriak dira: edozer gauza jaten dute, gaixotasunak hedatzen dituzte, sarraskijaleak dira, oportunistak eta berekoiak. Edonorren gainetik pasako lukete haien sabela bete ahal izateko.
– Ez ezazu ondoriorik atera istorio osoa entzun arte–, esan zidan aititek.
Hurrengo egunean, etxolara hurbildu nintzenean arratoi basatiak kanpoaldean bilduta ikusi nituen. Etxolako atarian harritxo txikiak pilatzen. Leihoko zuloa eta etxolako zirrikituak estali zituzten. Basatiek harresi bat eraikitzen ari ziren etxolako irteerak ixteko.
"Arratoiak nazkagarriak dira: edozer gauza jaten dute, gaixotasunak hedatzen dituzte, sarraskijaleak dira, oportunistak eta berekoiak. Edonorren gainetik pasako lukete haien sabela bete ahal izateko.
– Ez ezazu ondoriorik atera istorio osoa entzun arte–, esan zidan aititek"
Barrura sartu nintzenean kolpeak, garrasiak eta lasterketa urduriak sumatu nituen pareten barrualdean. Arratoi arruntak eta lodiak elkarrekin isolatuta zeuden eta janaria bukatzen ari zitzaien. Mahaia erdi-hutsik bazegoen ere arratoi lodiek ogia jaten jarraitzen zuten. Arruntek basatiak nola basorantz abiatzen ziren ikusi zuten eta haien atzetik ihes egiten saiatu ziren. Baina harresia oso sendoa zen. Gaindiezina. Orduan konturatu ziren basorik gabe etxola biltegi hutsa zela. Kaiola bat.
Arratoi lodiek hormetatik gora egiteko gai zirenez tximiniatik lasai asko atera eta basora bidean ziren basatiei ahoan zituzten ogi puskak eskaini zizkieten. Basatiek bere kasa janaria lortzeko gai ziren, ez zuten limosnarik behar. Arratoi lodiak inguratu zituzten, gutxi ziren eta kanpoaldean haien eskalatzeko abileziak ez zuen ezertarako balio. Hanketan hozka eginez harresia pasatzera behartu zituzten. Etxola barrura berriro.
Eta horra hor gaur bertan ikusi duzuna, arratoi lodien eta arrunten arteko sarraskia. Baina bueno, zuk diñozun bezala, arratoiak animalia nazkagarriak omen dira. Etxola fumigatu beharko nuke, ez al duzu uste?
Aititeri irribarre maltzur bat marrazten zitzaion istorioak amaitzen zituenean. Telebista pizten zuen gero. La Ruleta de la Fortuna, Walker Texas Ranger, telenobelak eta indiar eta bakeroen pelikulak gustuko zituen.
Nagusi egin nintzenean arratoi basatiei “arratoi beltzak” ere deitzen zaiela irakurri nuen. Eta aititeren irribarrea atera zitzaidan.