argia.eus
INPRIMATU
Igitie
Arratiako baserritar agroekologikoak saretuta

Garazi Zabaleta 2021eko irailaren 16a

Hamarkada oso bateko ibilbidea du honezkero Igitiek, Arratiako (Bizkaia) baserritar agroekologikoen elkarteak. 2010. urtean hasi ziren eskualdeko zenbait nekazari elkartzen, haien artean apenas ezagutzen ez zirela eta horri buelta eman beharra zitzaiola sentitu zutenean. “Bagenekien ekoizle batzuk bageundela, baina ez nortzuk ginen ezta zer egiten genuen ere”, dio Aner Mimenza kideak. Hastapeneko helburutzat zuten elkar ezagutzatik eta saretzetik etorri da ondorengo guztia, modu nahiko naturalean: taldearekin lotura handiagoa edo txikiagoa duten proiektu ugari sortu dira eskualdean —atal honetan duela gutxi atera genuen Maskilu kontserbena, adibidez—, eta ekoizleen artean ere ekimen komunak abian dituzte.

Elkarlana da bidea

“Lehen bileretatik ikusi genuen guztiok arazo oso antzekoak genituela, bai eguneroko lanari zuzenean lotutakoak, baina baita orokorragoak ere, instituzioen jarrerei zegozkienak adibidez”, dio Mimenzak. Oztopo horiei aurre egiteko elkartu eta lau ildotan banatu zuten Igitieren jarduna: merkaturatzearen ildoa, formakuntzarena, lur-poltsena eta ekinbide politikoarena.

Lehenengo puntuari lotuta, ekoizleen produktuei irteera emateko hainbat bide landu dute urteotan, eta eskualdeko udalekin elkarlanean azoka txikiak eta plazak berreskuratu dituzte. Ekoizleen artean formakuntzak antolatu eta nekazari berriei bidea errazteko ekimenak ere izan dituzte martxan urteotan; esaterako, lurrak erabiltzen ez zituzten hainbat jabe pribaturekin harremanetan jarri eta horiek landu nahi zituztenei eskaintzea lortu dute. Ekinbide politikoaren ildoari dagokionez, elikadura burujabetzaren inguruan lanketa egitea eta jendartean eragitea da taldearen helburua. “Bestelako eragileekin elkarlanean, gizartearen eraldaketari gure ekarpena egin diezaiokegula uste dugu”, azaldu du kideak.

Bailaran erreferente

Biztanle gutxiko bailara zabala da Arratia, eta baserri asko egon arren, horretatik bizi direnak gutxi direla dio Mimenzak. Eskualde sakabanatu horretan erreferentzialtasuna lortu du taldeak azken urteotako lanari esker, eta gaur egun, askotariko adin eta esparrutako hamalau bat ekoizle biltzen dira Igitien. Pandemiak taldearen jarduna zaildu eta zertxobait moteldu badu ere, berriz ere indartzen ari direla dio kideak, eta eskola-jantokien gaiarekin buru-belarri dabiltza azken hilabeteotan.

“Hor ari gara instituzioekin ere lanean, aldaketa bideratu nahian, eta krisi ekonomiko egoera honetan ere nekazaritzatik lanpostu duinak nola lor ditzakegun pentsatzen”, dio. Bide horretan, bada beste proiektu bat ere bailaran: errefuxiatuei lana eskaintzeko eta haiek sostengu ekonomiko minimo bat lortzeko negutegiak dituzte martxan. Bada, hori eta beste egitasmo asko Igitiek zuzenean garatutakoak izan ez arren, taldean ateratako kezka eta ideiei tiraka sortu dira. Elkarlanak eta saretzeak, berarekin, proiektu gehiago dakartzalako beti.