argia.eus
INPRIMATU
Arrasto arkeologikoak aurkitu dituzte AHTren Tafallako obretan
  • Guneak 5.000 metro karratuko azalera hartzen duela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Hasierako ikuskapenekin, Bigarren Burdin Aroko piezak izan daitezkeela azaldu dute. Arkeologia lanak laster hasiko dira, baina ez diote AHT eraikitzeko epeei eragingo.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 18a
Aurkikuntza egin den gunea. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Tafallako La Gariposa inguruan egiten ari diren AHTren obretan arrasto arkeologikoak aurkitu dituzte. Gunetik hurbil, ekialdean, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan bilduta dagoen erromatar hiribildu baten arrastoak daude. Aste honetan atzemandako piezak zaharragoak direla uste dute, Bigarren Burdin Arokoak. 

Nafarroako Gobernuak asteartean jakinarazi duenez, trenaren prospekzio eta drainatze lanetan egin da aurkikuntza. Datuak azaleraren desugerketan oinarritzen dira eta ez ikerketa estratigrafikoetan, beraz, “eskuratutako informazioa partziala da, ez delako egiaztatu aurkikuntzaren hedadura osoa, egituraren tamaina, ezta kronologia ere”. 

5.000 metroko karratuko azalera hartzen du aurkitutako guneak, baina hasierako balorazioa egin eta gero, bigarren esparru bat edo arrasto gehiago egon daitezkeela azaldu dute. Kultura Zuzendaritza Nagusiak “zehaztasunez eta zalantzarik egon gabe” ikertuko ditu hedadura osoa eta arrastoen ezaugarriak eta nolakotasuna. Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Ataleko teknikariekin lankidetzan jardungo du.  

Behin-behineko neurriak

Ikerketa hasi bitartean, Nafarroako Gobernuak ingurua hesitu eta sarrera debekatuko du, espoliazioa edota piezei egindako bestelako kalteak ekiditeko. Halere, azterketek ez diote AHTren obren epeei “modu esanguratsuan” eragingo: batetik, arkeologia lanak epe laburrean buruko dira; bestetik, ADIFek adierazi du ez dutela aurreikusi trenaren eraikuntza lanak gune horretan egitea.

AHTren lanen atzerapena

Aste honetan egindako aurkikuntzek atzerapenik sortuko ez badute ere, trenaren obrek 15 urte daramatzate martxan, eta inbertsioaren %58 falta da oraindik egiteko. Nafarroan, egoera larriagoa da: AHT Gelditu plataformak salatu duenez, hamar urte eta gero inbertsio osoaren %96 falta da trenbidea martxan jarri ahal izateko. Gainera, Nafarroako Gobernuak finantzaketa hori lortzeko funts publikoak erabiliko dituela ere salatu du plataformak, pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko Europatik jasotzen dituen laguntzak, hain zuzen.

Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua