argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Gaztetxean lapurretara sartu dira, kalte ekonomikoak eta materialak eraginez
  • Arrasateko Gaztetxea osatzen duten eragile ezberdinek "irmoki salatu" dute astelehen eguerdian jasandako erasoa: “Azken asteotan gure herriko zein inguruko herrietako gaztetxe zein komertzio txikiei gertatu zaien bezala, guk ere lapurreta bat jasan dugu”.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko abenduaren 11
Argazkia: @topatu_eus

Lapurrek indarrez ireki dute sarrera nagusiko atea eta gaztetxe barruko materiala erabilita kutxa-gotorra apurtu dutela adierazi dute Gaztetxeko kideek, barruan zegoen diru guztia lapurtuz.

Erasoa azkenaldian herrian gertatutako beste lapurreten markoan kokatu dute: “Herri langilearen aurkako erasotzat jotzen ditugu lapurretok”.

Gogorarazi dute, gaztetxea norbanakoek osatutako asanbladarena izateaz gain, hainbat eragileren etxea ere badela (Pottogorriak: gorputz askeen asanblada; Guraso eta Haur Asanblada; Kooltur Ekintza…) eta beraz, horrelako erasoek Arrasateko herrigintzan dabiltzan eragileak, eta baita norbanakoak ere kaltetzen dituztela azpimarratu dute.

Gertatutakoa salatzeaz gain, laguntza eskatu nahi diete astelehen eguerdian 12:00ak eta 17:30ak bitartean gaztetxe ingurutik pasatu zuren herritarrei: “Ikusi ahal izan duzuen edozein jarrera susmagarriren berri ematea lagungarria izan liteke lapurrak behingoz harrapatzeko. Hala ere, erasoen gainetik ilusioz aurrera jarraituko dugu, guztiona den etxe hau defendatuz!”

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.