argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Elkartasun Martxa ez du debekatu EAEko Auzitegi Nagusiak
  • Sarek eta Elkartasun Eguna antolatzen dutenek 31 kilometroko ibilaldia prestatu dute, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko, eta Unai Paroten salbuespenezko egoera amaitzeko. Duela 31 urte preso sartu zuten Parot.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 16a
Martxaren antolatzaile da Sare

EAEko Auzitegi Nagusiak zehaztu du ezin zaiola jarri helegiterik irailaren 25erako Arrasaten finkaturiko mobilizazioari, eta hori horrela ez duela debekatuko. Azalpenean irakurri daiteke horrelako ekimenentzat ez dena "baimenik" eskatu behar, ekimenari buruz "aurretik komunikatzea" nahikoa delako.

31 kilometroko ibilaldia prestatu dute, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko, eta Unai Paroten salbuespenezko egoera amaitzea galdatzeko. Jupol Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiak eta Jucil Guardia Zibilaren elkarteak jarritako helegite bati erantzunez eman du erabakia.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak galdetu du "liskarra saihestea". Izan ere, Elkartasun Martxaz bestalde, PPk eta Voxek ere jakinarazi dute Arrasaten izanen direla egun horretan –PPk ekitaldi bat deitua du egun bererako, "terrorismoaren biktimei" zuzenduta, eta Voxeko Santiago Abascalek herrira agertzeko gogoa plazaratu du.

Parot, 31 urtez preso

Unai Parot 1990ean atxilotu zuten Sevillan eta, 26 epai tartean, 4.797 urteko espetxe-zigorra jaso zuen. Seguruenik, preso zigortuenekoa izan da Parot, eta egoera hori salatzeaz gain, egoera normal batean 2005etik libre beharko lukeela ere argudiatzen dute Elkartasun Eguna antolatzen dutenek. Edozein kasutan, espetxealdia ez zen 2021etik harago joango.