argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Eroskitik eta Alcampotik produktu israeldarrak kentzea lortu dute, orain Lidl eta BM-n gauza bera nahi dute
  • Herriko supermerkatuetan salgai dituzten produktu eta saltokiei eskatu diete Israelen ekoitzitako produktuak saltzeari uztea: Arrasateko Eroskik eta Alcampok eskaria onartu dute; Lidl eta BMk ez. Elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan Lidl supermerkatu aurrean.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 10
Arrasateko Douglasen aurrean eginiko boikot-elkarretaratzea aurtengo maiatzan BDZ

Arrasateko BDZ taldeak -Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak- maiatzean  israeldar jatorriko produktu bat kentzea lortu zuen Douglas lurrindegitik. “Lehen garaipena eta gero”, bigarren urratsa eman dute: Supermerkatuetan made in Israel, origen Israel eta 729 kode barrarekin hasten diren produktuak identifikatu eta gero, produktu horiek kentzeko eskaera egin diete. Orain emaitzaren berri eman dute ohar bidez.

Musakolako Eroskiak Israelen ekoitziak diren datilak kendu ditu, baita Garden Gourmet markako produktu bat ere. Berriro ez ekartzeko konpromisoa hartu du. Zerrajerako Garden Gourmet markako produktu bera, behin saltokian jada dutena saldu eta gero berriro ez ekartzeko konpromisoa hartu du. “Eroski herriko komertzio handiena eta erreferentea izanik, pozgarria izan zen guretzako berria eta garaipen garrantzitsua izan da”, jakinarazi du taldeak. Alcampok antzeko jokatu du: Israelen ekoitziak diren datilak kendu, eta berriz ez ekartzeko konpromisoa hartu du.

BMk eta Lidlek ez dute produkturik kendu. BMn, Garden Gourmeten produktua, BM markako pipak, BM markako Medjoul datilak eta ahuakatea dira Israelen ekoitziak. Lidlen, Medjoul datilak eta Lupilu toallitak ekoitzi dituzte Israelgo Estatuan.

Elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako

Ezezko erantzun hori jasota, urriaren 11an arratsaldeko 18:00etan elkarretaratzera deitu du BDZk Lidl parean, BMk eta Lidlek Israelen ekoitziak diren produktuak ken ditzaten eskatzeko. “Produktu horiekin Palestinako genozidioa, Libanoren aurkako erasoak eta beste hainbat herriren aurkako bonbardaketak finantzatzen direlako. Arrasateko BDZtik herriari produktu hauek eros ez ditzaten eskatzen diogu, konturatu gabe genozidioaren konplize bilakatu ez gaitezen. Produktu hauek kentzeko eskaera egiten diegu Lidl eta BM supermerkatuei”. Honela, “produktu hauei boikota egiteko deia” egiten dute, bai  BDZri Israelen ekoitzitako produktuen berri ematen, baita mobilizazio eta ekintza desberdinetan parte hartzen ere.

Protestaren afixa.
Lehen alea landatuta

Aurtengo maiatzean lortu zuen Arrasateko BDZ taldeak Douglas dendatik israeldar jatorriko produktuak kentzea. “Produktua Itsaso Hileko gatz mineralak dira, Alma-K markakoa”, azaldu zuen taldeak. “Goiena” medioan argitaratu zutenez, produktua dendetatik kentzeko eskaera egin zioten arduradunari, bai eskutitz bidez baita harekin hitz eginez ere. Produktua kentzeko epe bat zehaztu zuten, eta produktua kentzen ez zutela ikusita, boikot kanpaina abiarazi zuten. Kontzentrazioa egin zuten dendaren aurrean, eta lortu egin zutela jakitera eman zuten hurrengo egunean. Ohartarazpen bat egin zuten, halere: "Gure herritik produktua kentzeak ez du esan nahi ez dutenik salduko. Douglas kateko dendetan oraindik ere aurki daiteke, baita interneten ere” .

"Gaurkoan lehen alea landatu dugu. Argi geratu da boikotaren bidea jorratu behar dela eta produktuak banan-banan kentzeko lana dela bidea. Denaren aurka ezin da egin. Guk hori argi dugu. Produktuak banan-banan identifikatzeak eta hauek seinalatu eta boikotatzeak garaipena ekarri du", adierazi zuen Arrasateko BDZk maiatzean. Orduan landatutako aleak fruitu berriak eman ditu udazkenean.