argia.eus
INPRIMATU
“Arraroa da oholtzan ikustea benetan punkia den emakume bat”
  • Prekarietatea, abortatzeko eskubidea edota euskarafobia dira, besteak beste, Ane Lindaneren bakarrizketen ardatzak. Nerabe zenetik militatzen du, eta umorea du egun borrokarako arma nagusia.

June Fernández @marikazetari Pikara Magazine @pikaramagazine 2023ko ekainaren 23a
Argazkia: Mariel Galdeano / Pikara magazine

Bilboko Kabaret da Ane Lindane umoregilearen etxea, umore politiko feminista eta antifaxista egiteko “burbuila zoragarria”. Han antolatu ohi ditu, Raquel Torresekin batera, Despotorropen izeneko emakume eta sexu-genero disidenteentzat mikrofono ireki saioak. “Neska umoregile gazteak ikustera datorrenak badaki zertara datorren. Gizon asko akojonatzen da feminista bat mikrofono batekin ikusten dutenean, baina ez dira guri ezer esatera ausartzen”, aipatu du.

Mainstreama eraldatu baino, nahiago du kultura disidentea indartu. Dena den, ez da kikiltzen “etsaiaren” zelaian jokatzen duenean, izan Twitter, ETB, edo Madrilgo kultura areto bat. Probokazioa interesatzen zaio dibertsioa bezainbeste, eta, hortaz, publikoa, barre egin ordez, urduri jartzen denean ere sentitzen du lortu duela bere helburu kontrahegemonikoa.

Hasta la potxola me tenéis liburuan (Zorrotz.eus hedabideak argitaratu duena) garatu ditu bakarrizketetan landu ohi dituen hausnarketa politikoak: etxebizitza, amatasuna, familia, hezkuntza, feminismoa, sasizientziak… eta umorearen mugak, jakina.

Emakume umoregileen ahalduntzea sustatzen duzue Despotorropen egitasmoaren bidez. 

Bai, helburua da bis komikoa duten emakumeak deskubritzea eta animatzea, oholtzara igo daitezen. Izan ere, emakumeoi izugarri kostatzen zaigu aurrerapausoa ematea. Denok ditugu ikaragarri barregarriak diren lagunak, flow itzela dutenak gauzak kontatzerako orduan. Baina bakarrizketak egitea proposatzen diedanean, ezetza ematen didate. Hori ez da mutilekin gertatzen; etxean esan badiote “¡Qué salao este niño!”, oholtzara igoko da, nahiz eta kasposo galanta izan.

"Medriokritateaz apropia gaitezen", aldarrikatu du Ines Osinagak Urdin Elektrikoan.

Emakumeoi esparru pila debekatu digute; indarkeria eta indarra, kasu. Bikaintasuna da beste bat: badirudi oso onak izan behar dugula gauza jakin bat egiteko, baina sekula ez garela nahikoa onak izango. Jendeak oro har ez digu emakumeoi esaten “izugarri ona zara honetan”, badirudielako flipatu egingo dugula. Aldi berean, mediokritatea ere ukatu digute. Are gehiago, ukatu digute erridikulua egiteko askatasuna, eta hori ez da bateragarria umoregile izatearekin, ezta izaki bizidun izatearekin ere! Badirudi beti agertu behar garela lirain eta kuki.

Agerikoa da umoregintzan binarismo hori: gizonak xelebreak, lotsabakoak eta baldarrak dira; haien emakumezko bikote profesionalak, eztiak eta formalak.

Bai, stand up comedy egiten duten emakume asko ere saiatzen dira finak izaten. Arraroa da oholtzan ikustea benetan punkia den emakume bat. Arlo guztietan gertatzen da: gizon raplariek gogor abesten dute eta emakumeek modu melodikoan. Gazteentzako irratsaioetako aurkezleen artean ere, mutilak xelebreak dira eta neskek emakume euskaldun goxoaren estereotipoa gorpuzten dute.

Umorea estrangulatzen [mugatzen?] duen kortse estua da feminitatea, Uxue Alberdiren esanetan. Zuk bateragarri egin dituzu estetika femeninoa eta jarrera lotsabakoa.

Bai, asko mugatzen zaituen kortsea da. Ni saiatu nintzen emakume hegemoniko hori gorpuzten, baina oso txarto ateratzen zitzaidan! Erortzen nintzen, gauzak botatzen nituen… Onartu nuen traketsa naizela. Hortik dator nire bakarrizketa biralenetariko bat: matxismoak idorreria sortzen duela. Antza, emakumeok kaka egiteko zailtasun handiagoak ditugu aldagai hormonalen ondorioz neurri batean, baina baita aldagai kulturalak baldintzatzen gaituelako ere. Alegia, emakume fin, lirain eta kukiek ez dituzte gauza nazkagarriak egiten. Ondorioz, kakalarria sartzen bazait ere, ez naiz sartuko tabernako komunean, mundu guztiak usainduko duelako eta jakingo duelako liseriketa aparatu funtzional bat daukadala! Gogoari eusteko joera horrek eragiten du idorreria kronikoa.

Telefonoz esan didazu probokatzea interesatzen zaizula dibertitzea bezainbeste. Nola ulertzen duzu probokazioa?

Ignatius Farrayren hitzetan, komikigile eta umoregileok mugak transgreditzeko beharra dugu. Niri natural ateratzen zait; kostatzen zait mikrofono bat eskuan izatea eta ez eskandalizatzea. Esango nuke hor dagoela umorearen benetako gakoa: ezustekoak eragiten duen tentsio eta distentsioan. Magia truko bat egiten dizutenean ere, grazia egiten dizu, espero ez zenuelako. Baina ideologia jakin batzuetako ikusleak tentsio fasean geratzen dira, erasotuak sentitzen direlako. Kasu horietan ere sentitzen dut irabazi dudala, haien buruan zer edo zer apurtu dudalako.

Umoreari buruz hausnartu duten zenbait feministaren ustez, txisteak behetik gorantz egin behar ditugu beti. Arau hori darabilzu?

Bai, noski, saiatzen naiz behintzat. Horretarako argi izan behar dugu non gauden gu, ze batzuetan ez gara konturatzen goian gaudela. Hori oso arriskutsua da. Adibidez, David Suarezek epaitegian bukatu zuen, txiste batean botatzeagatik Down sindromea zuen neska batek zakila jan ziola. Salaketa jarri zutenek Down sindromea duten pertsonak babestu nahi zituzten, baina haien sufrimenduaz jabetu ziren. Suarezek azaldu zuen bere asmoa ez zela Down sindromea duten nesken kontura barre egitea, baizik eta eskandalizatu zirenen kontura. Badirudi aipatu behar dudala urritasun intelektuala duen senide bat dudala, esan ahal izateko tipo honek askatasuna izan behar duela halako txiste mierda bat egiteko. Gure pribilegioak berrikusi behar ditugu, jakiteko boterearen mugak non dauden, eta gu geu non gauden kokatuta.

Asko hitz egiten da egun kantzelazioaren kulturaz. Zer egin beharko genuke umoregile matxistekin?

Kantzelazioa ez da existitzen, asmakeria matxista da. David Suarez edo Los Morancosek arazoak izan dituzte txiste matxistak egiteagatik, baina Campos Antzokia betetzen dute. Eta berdin-berdin gertatu da Estirando el chiclekoekin: saio transfoboa egiteagatik kritikak jaso zituzten, baina BEC bete dute. Norbaitek txiste matxista, arrazista edo LGTBIfobikoa egiten duenean, seinalatu egin behar dugu. Baina, batez ere, mainstreametik aldendu behar gara. BEC edo ETB ez dira nire etxea, etsaiaren etxea baizik. Ordaintzen badidate, joango naiz, nire lana delako, baina argi daukat nire helburua ez dela haien arauak aldatzea, baizik eta espazio hegemonikoak suntsitzea. Guk sortutako esparru militanteetan ez dira kabitzen. Hori da gure benetako iraultza.

Kapazitismoa, arrazakeria, zisexismoa, lodifobiaZaila da hainbeste botere ardatz presente izatea umorea egiteko orduan?

Uste dut kontuz ibili behar dugula dinamika jakin batekin: hizkera seinalatzea, diskurtsoei legitimitatea kentzeko. Mezua janzten duten arropak dira hitzak. Erraza da arropa seinalatzea, barrukoa kontuan izan barik. Gustuko dugu mikrofonoa eskuan duenaren hanka sartzeak agerian uztea botere bat egozten diogulako. Adibidez, txio batean alderatu nuen umeak izatea jaioberriak gustuko izateagatik eta txakurrak erostea kumeak gustuko izateagatik. Hitz egiteko modu bat zen, eta pentsatu nuen: “Fijo norbaitek gogoraraziko didala animaliak ez direla erosi behar”. Bingo! Badakit, tio! Bestetik, kontuan hartu behar dugu hitzen esanahia aldatu egiten dela. Kargu hartuko didate matxirulo bati subnormal deitzen badiot, eta ez, ordea, imbécil edo idiota erabiltzen baditut, nahiz eta horiek ere bere garaian diagnostiko kapazitistak izan.

Saioa Alkaiza bertsolariak esan digu koherentzia handiagoa exijitzen zaiola ezkertiarra eta feminista izateagatik

Nik ez diot inori kalterik edo minik eragin nahi. Tira, etsaiari bai. Noizbehinka hanka sartuko dut; esan iezadazu, barkamena eskatuko dut eta saiatuko naiz ikasten. Iruditzen zait gure artean ikaragarri deslegitimatzen garela.

Ortega Lararen bahiketari buruzko txisteak egiten dituzu. Distantzia historikoak ematen du aukera umorea egiteko mingarria izan den gai bati buruz?

Txiste horiek oso zaharrak dira, Ortega Lara bahitu zutenekoak, eta badirudi egun eragiten dutela ezinegona. Botereak ezartzen ditu umorearen muga gaindiezinak. Botererik ez genuenean, lasai egiten genituen halako txantxak. Ezker Abertzalekoei esango nieke: “Aizu, zuk kontatu zenidan txiste hau txosnan orain dela hogei urte!”. Iraultzailea da gai jakin batzuei buruz fribolitzatzea.

Abortua da horietariko beste gai bat?

Bai, oso garrantzitsua deritzot, izugarri dramatizatu delako, eta gehiegizko dramatizazio hori indarkeria matxista sinbolikoa delako. Abortatzen duzunean, jendeak doluminak ematen dizkizu, eta zu ondo sentitzen zara, kaña batzuk hartuko zenituzke gustura asko. Orduan pentsatzen duzu: “Zer dago gaizki nigan?” Publikoak abortuari buruzko blokea txarto hartzen duenean, esaten diot nire buruari: “Ez dut komarik aldatuko, hau delako helarazi nahi dudan mezua”.

Espainiako Erresuman zure umorea delitutzat jo daiteke, erlijio-sentimenduak iraintzen dituelakoan. Ezinegona eragiten dizu epaitegian amaitzeak?

Bost axola dit. Militatzen dut hamahiru urte nituenetik, eta beti onartu ditut militantziaren ondorio guztiak. Nire umoreak zure erlijio-sentimenduak iraintzen dituela? Bada, zure erlijio-sentimenduek nire ezagutza zientifikoak iraintzen dituzte. Hontzak Bilboko konpartsak mezu hori zabaldu zuen txosna Harategi kristauak lelopean dekoratzeagatik salaketa jaso zuenean: “Ez baduzue nahi zuen erlijio-sentimenduen kontura barre egitea, ez izan erlijio-sentimendu hain barregarririk!” Poz-pozik jasoko nuke halako salaketa bat, badakidalako adierazpen askatasuna gailenduko dela, baina, batez ere, prest nagoelako amaiera arte sinesten dudan horren alde egiteko.

VOXeko politikari batek Twitterren proposatu zuen Madrileko zure showa lehertzea. Nada sería más bonito que un escrache de VOX, erantzun zenuen.

Nire ametsa da! Akats ortografikoz josiak zeuden tipo haren txioak. Nik normalean ez ditut akats ortografikoak seinalatzen, praktika klasista iruditzen zaidalako, eta neronek kostata bukatu nuelako DBHa. Baina haren profilean ikusi nuen abokatua dela! ¡El letrado iletrado! Orduan, erantzun nion: Mira, Manuel, el castellano es una lengua preciosa, y también es mi lengua, me duele que la estropees de esa manera. Pila bat haserretu zen eta eskratxea deitu zuen. Zoritxarrez, inork ez zion kasurik egin.

Abogados Cristianosek ez zaitu oraindik fitxatu?

Ez, baina Frente Obrerokoek bai. Euskalfobiari buruzko nire bideo bati erantzun zioten. Uste nuen nire diskurtsoa desmontatuko zutela, baina mugatu zen nire “zoro aurpegia”, ile larrosa eta piercingak kritikatzera.

Teoria bat dut: matxiruloak bereziki asaldatzen dira politak diren feministekin (Alicia Murillo dut gogoan), gorrotoa eta desioa nahasten zaizkielako.

Niri ere gertatzen zait! Parafilia moduko bat da. Fatxa zikina! Gorroto zaitut baina larrua joko nizuke! Egia da lodia izango banintz edo beste itxura bat izango banu, izugarrizko egurra sartuko zidaketela, baina beti daukate zer nabarmendu gure fisikoaz; nire kasuan, estetika.

Euskalfobia eta euskarafobia oso presente daude zure bakarrizketetan.

Behin bilatu nuen vascofobia Googlen eta oso sarrera gutxi topatu nituen; asko nire bakarrizketetara bideratuak. Errealitate hori existitzen dela ikustarazi nahi dut, ze askotan euskarafobia seinalatzen dudanean ez naute serio hartzen. Andalufobia kontzeptua ezagutu nuenean ohartu nintzen guri ere gertatzen zaigula. Tuntunak bagina bezala tratatze horretan oinarritzen da gure nazio zapalkuntza. Euskarafobiari dagokionez, oso deigarria da euskarak eragiten duen beldurra. Hitz bat esan eta Ay, no te entiendo! Lasai! Ez da ezer gertatzen! Flyerrak banatzen dituzunean ere jendea oso urduri jartzen da. Emaiozu buelta!

Plazandre feministon aurkako indarkeria matxista birtualari buruz galdetu nahi dizut. Serio hartzen dugu Pikara Magazinen. Zure asmoa da barrearen bidez desaktibatzea?

Emakumeok gure egunerokoan egiten ditugu estatistikoki gauzarik arriskutsuenak: bikotekide maskulinoa izatea, aita edo neba izatea, gizonezko nagusi bat izatea… Udan urtero egiten dut autoestopa nik bakarrik. “Ez dizu beldurrik ematen??, galdetzen didate. Bada, mutil laguna daukat eta badakit hori arriskutsuagoa dela mundutik bakarrik ibiltzea baino. Emakume eta nesken aurkako lau sexu erasoetatik bat etxean gertatzen da. Nire lagunak ikara handiz bueltatzen dira gauez etxera. Erne egon behar dugu, baina Bilbo munduko hiri seguruenetariko bat da! Askeak izateko jakin behar dugu non dagoen benetako arriskua. Ondo dago babesa eta ahizpatasuna indartzea, baita sare sozialetan ere, baina beldurrak gure askatasuna mugatzen du, kaleetan eta baita sareetan ere. Egia da etsaiak noizbehinka birtualtasunaren mugak gainditzen dituela mehatxuen bidez, baina, oro har, telefono mugikorra amatatzearekin nahikoa da indarkeria hori gelditzeko. Horregatik, nahiago dut erasoei erantzuten dibertitzea. Batzuetan haserretzen naiz, ez pentsa. Zarata handia dago Twitterren, eta jasanezina izan daiteke hainbeste irain jasotzea. Baina erraza da: nire txio batek 2.000 erreakzioak gainditzen dituenean, isilarazten dut.

Hitz egin dezagun orain indarkeria instituzionalaz. Zure bakarrizketetan oso presente dago prekarietatea. Iruditzen zait jendartea ez dela oso kontziente diru laguntzak kobratzeak dakarren kontrol sozialaz.

Bai, badirudi RGIa [diru-sarrerak bermatzeko errenta] kobratzea pribilegio bat dela. Aizu, egin beharko ditut Youtubeko tutorialak pobre izaten irakasteko! Errealitatea oso bestelakoa da: zaila da RGIa jasotzea; hasteko, errolda bat behar duzu, hiru urtez familiaren etxetik kanpo bizi izana eskatzen dizute… Behin kobratzen duzunean, gastu guztiak kontrolatzen dizkizute: ezin duzu ileapaindegira joan, ezin duzu jatetxeetan bazkaldu, ezin duzu arropa edo telefono mugikorra erosi… Bankuko mugimenduak eta sare sozialetako argitalpenak kontrolatzen dizkizute. Ezin zara Euskal Autonomia Erkidegotik atera. Hori gutxi balitz, hasi dira Ertzaintza etxeetara bidaltzen. Bi pisukide gizonezko nituenean, frogatu behar izan nuen ez zirela nire mutil lagunak. Hori ez da gertatzen neskekin bizi zarenean, edo mutilak mutilekin! Susmagarria irudituko zaie mutil bat besarkatuta argazki bat sare sozialetara igotzea.

Menos batucadas y más batucadasleloa darabilzu. Madrilgo komunista matxunoi entzun nien lehen aldiz. Zer arazo duzu batukadekin?

Hasteko, batukadak guztiz desmobilizatzaileak dira; beren zaratak ez dute lelorik oihukatzen uzten. Bestetik, zaratarekiko sentsibilitate handia daukat. Zergatik onartzen dugu batukaden zarata eta ez petardoena? Agian petardoak armak direlako. Batukadek, aldiz, kutsu bakezalea daukate. Lehen esan bezala, emakumeoi eta feminismoari biolentziaren esparrua ukatu digute. Feminismoa mugimendu biolentoa izan da baita ere, baina hori isilarazi izan da. Feminismo hegemonikoa gailendu da, eta pribilegiatuei oso ondo datorkie bakezaletasuna.

Carmen de Mairena aipatu ohi duzu zure erreferenteen artean, Les Luthiers eta Miguel Noguerarekin batera. Zergatik aldarrikatzen duzu?

Anoche me lo hice con un vasco y me dejó el potorro hecho un asco. Poeta ikaragarria zen! Guztiarekin apurtzen zuen: estetika, hizkera… Umore zakarra zoragarria iruditzen zait, eta oraindik ere asko eskandalizatzen du.

Bukatzeko, gomenda itzazu Despotorropen eta Despotorroast boloetan batu dituzuen umoregileak.

Divina Comedia drag umoregileak oso umore inteligentea dauka, eta dragaren glamurrarekin apurtzen du. Haizea Malabaricia clown antzerkitik dator, eta gai sakonak lantzen ditu samurtasunez. Maider Lazkano Iruñeko umoregileak lodifobiari buruz hitz egiten du bereziki, oso modu apurtzailean. Raquel Torres Princesa de Barrio Madrilen jaiotako Extremadurako bilbotarra dut bidaide umorearen abentura zoro honetan. Bera gabe ezingo nuke egiten dudana egin.