Bai hauteskunde egunean, bai posta bidez botoa eskatu ahal izateko epean itsasoan direlako, arrantzale asko ezin bozkatu geratzen dira hauteskundeetan. Telematikoki bozkatu ahal izan dezaten legea aldatu bitartean, oraingoan ere abstentzionisten zerrendan sartuko dituztela salatu dute, eta gogoratu du udal hauteskundeetan, kostaldeko herri ugaritan, auzi honen eragina handia izan daitekeela.
Espainiako hauteskundeen harira, bere egoera eta arrantzale askorena salatu du Andoni Gabantxok Mastodon sare sozialean: “Oraindik hauteskunde-zerrendarik ez zegoenean ontziratu nintzen, eta beraz ezin izan nuen posta bidezko botoa eskatu. Eta ezingo dut botoa kontsulatu edo enbaxada batean eskatu, itsasoan jarraitzen dugulako”. Hauteskunde egunean ere, itsaso zabalean jarraituko du Andonik. “Abstentzionista gisa agertuko naiz, aurretik ere askotan gertatu den bezala, eta ez, ez naiz. Marinelak bigarren mailako herritarrak gara”.
Alkatetza jokoan
Hauteskunde orokorrak direnean, ia anekdotikotzat har daitekeela badaki Andonik, “baina ez da hain anekdotikoa udal hauteskundeetan, bereziki Bermeo bezalako herrietan, itsasgizon ugari ontziratuta gaudelako eta ezin dugulako bozkatu; kontuan hartu 200 botoren aldeak hemen alkatetza bat eman edo kentzen duela”.
Boto telematikoa
Espainiako Estatuan lantzen ari diren Arrantza Jasangarriaren Legean BNG alderdi galiziarrak sartu duen zuzenketaren bidez, hauteskundeetan itsasoan diren gizon-emakumeek telematikoki botoa eman ahal izatea eskatu du. “Demanda historiko” bati erantzuten diola azaldu du BNGk Mar aldizkarian, eta martxan jartzea erraza dela diote, gaur egun ontzi gehientsuenetan dutelako internet konexioa eta barkuko kapitainak berme lanak egin ditzakeelako.