“Euskal estatu subirano bateko herritar izan nahi al duzu?” galderari erantzun ahal izango diote azaroaren 2an Arrankudiaga Zolloko biztanleek.
Etxarri Aranatzen eta beste hainbat herri katalanen ereduari jarraituz, Arrankudiaga eta Zolloko Ados plataformak herri-kontsulta antolatu du.
16 urte baino gehiago dituzten biztanle guztiek bozkatu ahal izango dute 9:00etatik 20:00etara zabalik egongo den bozketa-mahaian. Galderari baietz, ezetz edo zurian erantzun diezaiokete.
EHNA, NANa, gidabaimena edo pasaportea erakutsi behar dira bozkatu ahal izateko.
950 biztanleko herria da Arrankudiaga Zollo. Garak argitaratu duenez, antolatzaileek ez dute errolda ofizialik, eta ezin dute ziur jakin zenbat pertsonak bozkatu dezaketen. Gutxi gorabehera 780 bozkatzaile inguru egongo direla uste dute.
Emaitza jakinarazi eta ezabatu
Egunean zehar protokolo zehatza jarraitu arren, lortutako datuen arrastoak ezabatzea adostu dute antolatzaileek. 21:00etan kontsultaren emaitza ezagutarazi, eta ostean informazio guztia desegingo dute.
Jai giroan egingo dute kontsulta, eta igandean kirol erakustaldiek, musikak eta Etxarri Aranatzeko zanpantzarrek alaituko dituzte kaleak.