Euskal Herriko Mugimendu Feministak M8 osteko lehen balorazioa egin du. Egunak utzitako irudiek argi uzten duten bezala, “erabateko arrakasta” izan zela nabarmendu dute. Grebaren eragina ikusita, inflexio puntutzat hartu dute eta “behingoz” benetako neurriak ezartzeko garaia dela. Mugimendu feministaren arabera, 230.000 emakume manifestatu ziren Euskal Herrian egun hartan.
Egun historikoa izan zela pentsatzeko hainbat arrazoi dituztela esan dute. Besteak beste, emakumeei dagokiena defendatzeko “indarra eta muskulua” dutela argi utzi duelako mugimenduak. “Martxoaren 8an Euskal Herriko emakume gehienok eredu sozial feminista nahi dugula adierazi genuen”. Horren harira, EAJk izandako jarrera kritikatu du mugimendu feministak: “Ohikoa duen zehaztugabetasunarekin, zer egiteko prest dagoen erakutsi digu”. Ordu laurdeneko elkarretaratzea berdintasuna lortzeko konpromisotik urruti dagoen ekintza dela adierazi dute eta jarri beharreko bitartekoak jartzeko eskatu diote.
Gizarte eredua eraldatzeko proposamenak aspalditik mahai gainean eduki izan badituzte ere, agintariek orain arte kasurik ez egin izana arbuiatu dute. Epe laburrean ezarri daitezkeen neurriak martxan jartzea eskatu diete hainbat arlotako arduradunei. Hala nola, azpikontratazio eta sektore feminizatuen prekaritatearekin amaitzea.
Mugimenduak dio greba feministak utzitako ondorioen artean zaintza lanek lortu duten ikusgarritasuna azpimarratu behar dela. Emakumeek planto egin izanaren ondorioz orain arte “ikusezinak ziren liskarrak” agerian utzi dituela adierazi dute eta “kontzientzia eta praktika kolektiboak aldatzeko” balioko duela.
M8aren izaera internazionalista ere aipatu du mugimendu feministak: “Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialistaren kontra, sare kontrahegemonikoak sortzeko ibilbidean pauso bat gehiago emateko balio izan du”. Era berean, mundu mailan egin ziren manifestazio eta aldarrikapenak txalotu ditu.
Mugimendu Feministak zabaldutako balorazio osoa hemen irakurri dezakezue.