Arrakalaren okupazioaren aurkako prozedura judiziala abiatu zen urriaren 4an, eta egun berean jarri zuen martxan elkartasun eta salaketa kanpaina AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. "Etxebizitzak defendatuz, arrakala zabaldu!" lelopean abiatutako kanpainaren baitan egindako manifestazioan birjabetutako espazio berri bat eman zuten ezagutzera: Arrakala II. Horrez gain, mobilizazioa baliatu zuten Erriberako kaleko 9. zenbakiko eraikina etxejabe handi baten eskuetara pasa dela eta hiru familia etxe kaleratuak izateko arriskuan daudela jakinarazteko.
Arrakala espazioaren okupazioaren aurkako prozedura judiziala abiatu zuten iragan astelehenean, urriak 4, auzipetutako hiru pertsonen deklarazioekin. Paraleloki, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta Arrakalaren hustea zein okupazioaren harira jasandako jazarpen poliziala salatzeko, AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak kanpaina abiatu zuen egun berean, "Etxebizitzak defendatuz, arrakala zabaldu!" lelopean. Urriaren 4an bertan jarri zuten martxan kanpaina, auzipetutako kideak epaitegietatik pasa aurretik egindako prentsaurrekoaren bidez, eta dei egin zieten herritarrei deklarazioak iraun bitartean epaitegien aurrean egitekoa zen elkarretaratzean parte hartzera, eta baita urriaren 8ko ostiralez egingo zen manifestazioarekin bat egitera. Azken mobilizazio hori baliatu zuen sindikatuak birjabetutako espazio berria jendaurrean aurkezteko.
Arrakala II eman diote izena Somera kalean dagoen espazioari, ulertzera emanez Etxebarrieta Anaien plazan kokatutako Arrakala Auzokideon Etxearekin hasitako bideari segida emateko erabakimena dutela: "Joan den maiatzean, Arrakala hustu zuten, baina gure bizilagunen behar materialei gero eta erantzun integralagoa ematea ahalbidetuko digun azpiegitura baten beharra aldarrikatzen jarraitzen dugu. Horregatik, manifestazio hau aprobetxatzen dugu Arrakala II aurkezteko". Hala bada, espazio berriak Arrakalak zituen xede berak ditu: sindikatuaren egoitza soziala, larrialdietarako etxebizitza eta ASETU Herri Biltegiaren biltegia izatea.
Birjabetutako espazioz gain, besterik ere eman zen ezagutzera manifestazioaren bitartez. Egindako ibilaldian zehar, Erribera kaleko 9. zenbakidun eraikinaren aurrealdean geldialdia egin zen, eta eraikineko bizilagunek zabaldutako pankartaren bidez jakinarazi zen etxejabe handi batek erosi duela eraikina, prozedura abiatuz bertan bizi diren bost familietatik hiru etxe kaleratzeko.
Manifestazio bukaerako irakurketaren bidez, sindikatuak azpimarratu gura izan zuen etxebizitzaren arazoak hirian bultzatzen ari diren gentrifikazio eta turistifikazio prozesuekin duen lotura: "Gure auzoak postal polit bihurtu nahi dituzte, aire zabaleko merkataritza-gune, non gure kaleak, gure etxeak eta gure bizitzak diren salgaiak (...) Testuinguru horretan, alokairuen, etxebizitza hutsen, hotelen edota pisu turistikoen igoerak ez dira ezustean agertzen diren arazo isolatuak". Hala, seinalatu zuten etxebizitza arazoa egiturazkoa dela, eta goi-klasearen estrategiari erantzuten diola. "Estrategia horren ondorioz, gure auzokide askok gure auzoak utzi beharko dituzte (...) Erribera 9 eraikineko auzokideak izan daitezke hurrenak, baina ziurrenik ez azkenak".
Hainbat arrazoi medio desjabetuentzako garai zailak datozela aurreikusita –zerbitzu publikoetan murrizketak, inflazioaren gorakada, kaleratzeak, elektrizitatearen prezioaren igoera edota eztanda egitear den higiezinen-burbuila, besteren artean–, eta higiezinen espekulazioak –batez ere krisialdietan– kapitalaren akumulazio funtzioa betetzen duela ulertuta, "etxebizitzaren aldeko borroka erradikala berraktibatzeko apustua" berritzeko prest agertu zen AZET.