Hamar urte igaro dira Guardia Zibilak Santiago Cervera Soto atxilotu zuenetik. CAN afera tarteko Jose Antonio Asiain abokatuari xantaia egin izana leporatu zioten. Cervera PPNko buruzagia diputatua zen Madrilgo Kongresuan. Anitzen ustez, gertatutakoak lehen mailako pitzadura eragin zuen arrakalatzen hasia zen Nafarroa Garaiko erregimenean, delako trantsizioan hainbat eragilek apailatu zuten korralitoan.
-Non habil?
Bartzelonako Ciutadellan jaso nuen adiskidearen telefono deia. Pompeu Fabra Unibertsitateko patioan nintzen.
Astelehena zen, 2012ko abenduaren 10a. Gorka, Pello, Urko eta laurok elkarrizketatu berri genuen Josep Fontana zena, Unibertsitateko patioan ginen azken argazkiak ateratzen.
Hariaz bestaldean suhar sumatzen nuen laguna
-Hiri Buruzagian ez zagok besterik!
Bezperan, Iruñeko harresietan, San Bartolome bastioian, Guardia Zibilek atxilo hartua zuten Santiago Cervera Soto, orduko hartan PPNk Nafarroan zuen ordezkari nagusia. Politikaria gutun-azal bat jasotzera joana zen harresietara, UPNk eta PSNk Nafarroako Kutxaren gestioan egindako ustezko irregulartasunak frogatzen zituzten agiriak omen zeuden gutun-azalaren barnean, besteak beste, Jose Antonio Asiain nahasten zuten hainbat frogagiri.
Zinemarako gidoitzat hartu genuen gertaturikoa. Hamaikagarrenez errealitateak fikzioa zuen gainditu. Bestalde, sinesgaitza zirudien Santiago Cerveraren bertsioa.
Karanbola hitza erabili zen maiz jazoera azaltzeko tenorean. Oro amarrua balitz, gisa portaeran aditua behar zuen amua Cerverari prestatu zionak.
UPN eta PSNren arteko hitzarmena ari zen alikatatzen abenduko egun horietan, izan ere, orduko hartan erasoa ez zetorren korralitoa hamarkadak salatzen zeramatzaten indar politikoen eskutik, erasoa erregimenaren barnetik zetorren, PPNko ordezkaririk ezagunena zen salatzailea. Anitzen aburuz ministroa izateko bidean zen Santiago Cervera genuen Nafarroa Garaiko indar faktikoak xaxatzen ari zena.
Karanbola hura maisu-jokaldia bilakatu nahi izan zuten. Nafarroako PP burugabetu zuten, Nafarroako Kutxaren judiziallizazioan nahaskeria sorrarazi eta erregimenari eutsi. Libertimendurako bazka ez da ments Hiri Buruzagian, giro honetan nornahi da kokobelzten. Baina ez nadin desbidera.
2015eko udaberrian epaileak Cervera absolbitu zuen eta hauteskundeetan, 26-24 emaitza historikoaren ondorioz, aldaketa heldu zen Nafarroa Garaiko gobernura.
Egun, hamar urte igarota, eskuinak oposizioan darrai, alta bada, eta ikuskizuna ematen jaioak badira ere, datorren urteko Udal eta Foru hauteskundeetan elkarrekin aurkeztuko dira eskuinaren indar garrantzitsuenak. Interesak batzen du eskuina. Pasa den asteburuan PPNk kongresua egin zuen, eta Alberto Nuñez Feijoo lekuko zelarik, palkoan elkar agurtu zuten Javier Esparzak, Carlos García Adanerok eta Sergio Sayasek.
Gaur, orain dela hamar urte Bartzelonara deitu zidan laguna eta biok San Bartolomeko bastioira hurbildu gara. Memoria lekua bilakatu zitekeen tokira hurbiltzen denak arrakala bat baino zirrikitu bat ikusiko du harresian, eta nago duela hamar urte arrakalatzat hartu genuena, ez ote den zirrikitu bilakatu. Erregimenak egonkor segitzen baitu, eta hamarkadatan ezagutu dugun sistema ez da sobera aldatu. Azken baieztapen honek anitz nabardura behar ditu. Hona bat, 2012ko abenduaren 10ean Josep Fontana i Lazaro zenak eskaini ziguna. Ez dakigun hori gerta.