argia.eus
INPRIMATU
Arrainak baino plastiko gehiago egongo da itsasoan 2050ean
  • Ellen MacArthur Fundazioaren azken txostenaren arabera plastikozko botilaz beteko dira ozeanoak 2050erako. Davoseko Forum Ekonomikoan aurkeztutakoaren arabera, plastikozko botilen %5 soilik birziklatzen da, eta %40k zabortegi eta ozeanoetan bukatzen dute.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 28a
Txostenaren arabera, gutxienez 8 milioi tona plastikok itsasoan bukatzen dute: “minuturo kostaldean zabor kamioi bat hustearen pareko”

Plastikozko botilen produkzioa etengabe hasi da 1964tik hona. 2011an 3,11 milioi tonara iritsi zen plastiko kontsumoa. Hurrengo hogei urteetan eskaria bikoiztu egingo dela aurreikusi dute, eta 2050erako laukoiztu. Txostenaren arabera, plastiko eskariari aurre egiteko hurrengo 35 urteetako erregai ekoizpenaren %35a kontsumitu beharko da. Gaur egun eskaria asetzeko, ekoitzitako erregaien %5 erabiltzen da.

Dagoeneko hamarkadetako plastiko ekoizpenak ingurumenean arazoak sortu ditu. Txostenaren arabera, gutxienez 8 milioi tona plastikok itsasoan bukatzen dute: “minuturo kostaldean zabor kamioi bat hustearen pareko”. 2025erako aurreikusi dute hiru tona arraineko tona bat plastiko egongo dela, eta 2050ean plastiko gehiago egongo dela.

Itsasoan bukatzen duten plastikoek arazo ugari sortzen dituzte: Ur berotan plastiko poltsak desegin egiten dira prozesuan osagai toxikoak askatuz. Osagai kimiko horiek arrainek irensten dituzte, eta ondorioz gure elikadura katean bukatzen dute. Plastiko handiagoak, bestalde, arriskutsuak dira dortoka eta itsas txakurrentzat jan egiten dituztelako.

Arazoa konpontzea ez da erraza izango

Eskaria gora badoa ere, oraindik %5 soilik birziklatzen da, %40 zabortegi edo ozeanoetan bukatzen du, eta %45 erre egiten da. Azken aukera honek erregai kontsumo handia eskatzen du. Ez hori bakarrik, birziklapen industria petrolioaren prezioen jaitsiera sufritzen ari da: Brent upela 30 dolarretan dago, eta plastiko enpresentzat merkeagoa da berriak ekoiztea birziklatzea baino.

Konponbidea beraz, ez da erraza izango. Eskaria etengabe doa gora, batez ere hazten ari diren herrialdeetan, eta bai birziklatzea eta bio-plastikoak, petrolio eratorriko plastikoak ekoiztea baino garestiagoa da.

Horren aurrean, irtenbide bideragarriena produktuak paketatzeko modua aldatzea da, plastikoarekiko dependentzia murriztuz. Hiri guneak dira plastiko kontsumitzaile nagusiak, eta jada askotan plastiko poltsen kontsumoa murrizteko neurriak jarri dituzte indarrean. Hala ere, plastikozko poltsak arazoaren parte bat baino ez dira. Botilaratutako ura da bestea –urtero 89 mila milioi plastikozko botila erabiltzen dira–.

 AEBtako San Frantziskoko hiria da aitzindarietakoa. Iaz, hirian plastikozko ur botilen salmenta debekatu zuen. Momentuz, etxeetan eta barneko ekintzetan soilik eragiten du, baina 2016an 100 pertsonatik gorako kanpoaldeko ekintzei ere eragingo die.