argia.eus
INPRIMATU
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
  • Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko espeziea izan da arraindegiko erakusmahaitako aquarium handien parean egon naizenean. Ongi begiratuz gero, haatik, atentzioa emateko moduko itxura duen arraina da, gorputzarekiko buru handiena duena baita, ziurrenik.

Eneko Bachiller Otamendi 2024ko apirilaren 22a
Arraigorria (Chelidonichthys lucerna)

TALDEA: Ornoduna / Arraina.

NEURRIA: 30-75 cm.

NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoko ekialdean, Norvegiatik Afrikara, eta Mediterraneoan; euskal kostaldera maiatza-ekaina aldera hurbiltzen da bereziki, arrautzak errutera.

ZER JATEN DU? Itsas-hondo hareatsuetako krustazeo, arrain eta moluskuak.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Mundakan “kolo”, Lekeition “kukutza”, Getarian “borondina”, Hondarribin “pexpelanta”… Guztientzat arraigorri modura ere ezaguna, halakoa baitu bere kolorea. Gure kostaldera maiatza-ekaina aldera hurbiltzen da gehien, arrautzak errutera. Haietatik jaioko diren fase goiztiarrak (larbak) pelagikoak dira, ur-zutabean jitoan bizi baitira lehen asteetan. Baina behin igeriketarako ahalmena eskuratzean, itsas-hondora hurbildu eta espezie bentoniko bilakatzen dira eta bizi osoan itsas-hondoarekiko harreman estua mantentzen dute. Horrela, urte osoan zehar hondo hareatsu nahiz lohitsuetan biziko dira, gehienetan modu bakartian. Beharbada haien artean elkartu nahi dutenean, edo atzemandako arriskuak uxatzeko, igelen tankerako “kroa-kroa” soinua egiten dute, haien gas-puxikari lotutako muskuluak mugituta. Arrantzaleek diotenez, arraigorriaren deia uretatik ateratzen denean ere entzun daiteke! Hala omen da, arrantza-arte artisauak erabilita (mallabakarra edota tresmaila) arrantzatzen dituzten arraigorriak eskuz eta banaka askatu eta ontziratzeko orduan.

Urte osoan agertu daitekeen arren, espezie hau kopuru txikitan porturatzen da, haien izaera bakartiaren erakusle; sarritan familia kide diren gainerako triglido txikiagoekin batera, hala nola kukua (Chelidonichthys cuculus), putxano zirrindatua (C. lastoviza) edo kurrukurua (Trigla lyra). Arraigorria ezagutzen dutenek ordea, ongi bereizten dute, erosketa garaian bederen. Arraigorriaren burua da haietan handiena, kopeta zabal eta ahoraino doakion malda zuzen adierazgarriarekin. Begiak ez dira oso handiak, buruaren aldean; bai ordea bere ahoa, izugarri zabaldu daitekeena, harrapakin handiak irensteko. Buruaren amaieran, albo banatara, hegoen antza duten hegats zabalak ditu, ertz urdinez apainduak –horrek azal dezake “golondrina”, hau da, erdaraz “enara” modura ere ezagutzea, kostako hainbat herritan–. Eboluzioak hegatsetatik haren erradioetako hiru askatu ditu, egun hankak bailiran hondoetako hondarrean sartzen dituenak. Ibiltzeko diruditen arren, haren harrapakinen mugimenduak atzemateko erabiltzen ditu: izan karramarro, bestelako krustazeo, arrain edo molusku, kaskoa betiko atxikita duela dirudien buru honek harrapakin gogorrak irensteko nahiz txikitzeko moduko baraila sendoak dituela adierazten digu.

Itsas-hondoko bizitzagatik arrain zuria da, eta hala du barneko haragia ere, zuria, bai, koipe gutxikoa, baina beste askorena baino trinkoagoa. Itsaskiz elikatzeagatik, ordea, arrain hau zaporetsuagoa da: zapoaren maila berean egon gabe, baina duen haragiaren antzekotasunagatik hark bezain emaitza goxoak lortzeko parada emango diguna. Artisau-arrantzaleek zein gure aiton-amonek ongi ezagutu duten eguneko arraina da; beraz, bertakoa eta osasuntsua. Gainera, ziurrenik ezezagutzagatik, beste asko baino merkeagoa. Beraz, ezagutu, zaindu, baloratu eta noski, dastatu. Edo atzekoz aurrera, berdin da.