Lemoizko zentral nuklearraren eremuari behingoz aterabidea emateko proiektua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: arrain-haztegi bat. Kapital pribatuz soilik egingo litzateke proiektua, eta 450 lanpostu sortzea aurreikusi du Lakuak. Lemoizko zentral nuklearra eraiki nahi zuten lurrak Iberdrolarenak dira, baina Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak adierazi du lurrok Jaurlaritzarenak izango direla, “prezio sinboliko” baten truke.
AZTIk egin duen ikerketa baten arabera, Lemoizen eraiki behar zuten zentral nuklearraren instalazioak birmoldatzea “posible” da. Ganbak, otarrainxkak, mihi-arrainak, erreboiloak, izokinak eta amuarrainak haztea da asmoa.
Proiektua ez litzateke martxan jarriko 2020 baino lehen, lau eta sei urte bitarteko epea beharko bailukete jarduera abiatzeko. Bilboko Itsas Museoan eginiko prentsaurrekoan Tapiak esan du, jada badirela interesa adierazi duten inbertsiogileak: besteak beste, Euskal Herrikoak, Frantziakoak eta Norvegiakoak.
Kapital pribatuen esku
Bi proiektu posible plazaratu ditu Jaurlaritzak; biak ala biak kapital pribatuen esku egongo lirateke eta Jaurlaritzak ez luke parterik izango. Lehenengo aukerak lau hektarea hartuko lituzke: Jaurlaritzaren arabera, azpiegitura egokitzeko hemezortzi milioi euroko inbertsioa eta haztegiaren instalazioetarako 25 eta 60 milioi euro bitarteko aurrekontua beharko lirateke.
Bigarren aukera gauzatzeko kapital gehiago beharko da: 5,5 hektarea hartuko lituzke eta 57 eta 105 milioi euro arteko inbertsioa egin beharko litzateke; egitura egokitzeko 25 milioi euro eta ondoren egin beharreko moldaketak 32 eta 80 milioi euro ingurukoak izan daitezke.
Rogelio Pozo AZTIko zuzendariak esan du guztiz “egingarria” dela, eta ekonomikoki “bideragarria”. Tapiak gaineratu duenez, industriaren ikuspuntutik “hondamendi” egoera dagoen gune bat “berreskuratu eta jarduera ekonomiko ezberdin eta jasangarri bat” jarriko da martxan.