argia.eus
INPRIMATU
Lurra lantzen noiz hasi?
  • Hori da baratzeko negu ondoreneko galdera ezagunena. Noiz amaitzen da negua? Egutegiaren mugarriarekin? Hotzak joan direla iruditzen zaigunean? Egun argia gaua baino luzeagoa egiten denean? Ez da erraza asmatzen. Horri tokian tokiko lurraldearen eta klimaren ezaugarriak gehituta, urteroko zalantza hor itzultzen da, beldur ttantta batekin belztua. Tokian-tokian erabaki behar da lan bakoitzaren unea noiz den. Huts, asmakuntza, porrot, arrakasta, poto eta menta denekin ikasten da, lan bakoitza noiz eta nola egin den emaitzak erakutsiko digu bidea. Bakoitzari berea, baratze bakoitzari berea, izan ere baratzea unibertso bat da; bat eta bakarra.

Jakoba Errekondo 2022ko maiatzaren 03a

Badira toki bakoitzean lanak noiz egin erakutsiko diguten zantzuak. Gurean zabaldua den esaera batek honela dio: sapelarra ihartzean lurra lantzeko sasoia etorri da. Sapelarra (Stellaria media) neguan hedatzen den belarra da. Gure inguruan bizi da: baratze, soro, lantzar, hormapean... Landutako lurretan, udazkeneko uztek libre utzitako hutsuneetan gozo hazten da, batez ere ito gabeko lur heze ongarrituetan.

Ongarri berdearen lana egiten du sapelarrak. Lurra airebistan eta izotzen eskura egon beharrean, estali eta babestu egiten du. Orain, egun argiaren luzerak eta eguraldiak lurra berotzen dutenean badoa. Ez da berozalea. Izar itxurako lore zuriekin (hortik Stellaria) loratu zen eta haziak banatzen dituen eran horitu eta ihartu egiten da, paisaia berezia sortuz. Horixe da bada lurra lantzeko garaia. Ez da, ez, horitzen toki guztietan batera. Baratze edo soro bakoitzean dagokionean.

Sapelar izena nondik datorkion? Zapotik, sagutik, saparretik... denetik irakur-entzuten da. Beste izen asko du gurean sapelarrak: albaraka-belar, txabarkoi, txorien-belar, sapabelar, arpelar, sapiar, sagu-belar...

Arpelarra.

 

Pasa berri zaion berde sasoian entsaladan jateko ederra da, freskoa, bixia eta hurra gogorarazten duen dasta du. Egosita ere oso ona da. Japonian deabruengandik babesteko eta luze eta osasuntsu bizitzeko urtarrilaren 7an Jinjitsu egunean, Gizateriaren Egunean, Nanakusa-no-sekku “zazpi belarren jaia” ospatzen dute, zazpi belar janez. Tartean da sapelarra. Ez dabiltza oker. Sapelarra aberatsa da osagai osasuntsuetan: C bitamina, kaltzio, silizio, magnesio eta potasioan, adibidez. Saponina ere badu eta horrek sendabelar ezaguna egin zuen aspaldi; batez ere azaleko arazoak eta arnas aparatukoak sendatzeko erabiltzen da.

Gurean esaerak hala dio: arpelarra lorean, ardiak gosean. Neguaren amaieran loratzen dela dio… Gure goseak uxatzeko, badakigu, oraintxe lurrak landu eta ereintza eta landaketa lanetara eman gaitezen.