Larunbatean hasitako kanpaldia jasotzen ari den babes handiagatik hartu dute erabakia. Astelehen goizean makinak agertu dira baina ezin izan dute lanik egin. Eguerdian Guardia Zibila azaldu da, baina protestan zeudenak grabatu ostean alde egin dute poliziek.
“Indartsu gaude, kristoren babesa dago hemen inguruan. Hortaz, erabaki dugu kanpaldia mugagabea bilakatzea”, azaldu dio Ahotsak hedabideari kanpaldiko partaideetako batek. Eragile sozial eta politikoei zein norbanakoei kanpaldira hurbiltzeko deia egin die ere, orain arte babesa adierazi dieten guztiei eskerrak ematearekin batera.
Goizean makinak, eguerdian Guardia Zibila
Goizeko lehen orduan makinak agertu dira Aroztegiko proiektuaren lanak egiteko asmoz, baina kanpaldian dauden pertsonek adierazi dutenaren arabera, lanak hasi ere ez dituzte egin protesten ondorioz. Eguerdian Guardia Zibila hurbildu da kanpaldira. Proiektuaren aurkako ekintzaileek eserialdia egin dute elkarren artean lotuta, eta polizietako batek irudiak hartu ostean alde egin dute. Informazio hau argitaratzeko orduan egoera lasai dago. Ahotsa.info jarraipena egiten ari zaio protestari.
Aroztegiko proiektuak hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza aurreikusten ditu 350 biztanle inguru dituen Nafarroako Baztango Lekarozko herrian. Ezagutu zen unetik aurkakotasun asko piztu ditu egitasmoak.
"Erabaki dugu kanpaldia mugagabea egitea" pic.twitter.com/t6pHyJ939y
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) April 19, 2021