argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
  • Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.
ARGIA @argia 2022ko otsailaren 16a
Argazkia: Ekinklik

Iazko abenduaren 31n eman zuen Aroztegiko lanen esleipenaren inguruko ebazpena Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta orain eskuratu du epaia Baztango Udalak, Erran.eus hedabideak jakinarazi duenez. Epaiaren arabera, Aroztegiko urbanizazio lanak hasteko TEX enpresari egindako esleipena ez da baliozkoa.

2021eko maiatzean hasi ziren Aroztegiko urbanizazio lanak, eta Baztango Udalak azaldu duenez, behin eta berriz adierazi zuten herritarrek zein Baztango Udalak berak lan horiek egiteko esleipena ez zela baliozkoa eta legez kontrakoa zela lanen hasiera.

Udalaren arabera, Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiaren ebazpena berretsi du horrela Auzitegi Nagusiak, hark baldintzen inguruan LAB sindikatuak aurkeztutako helegiteari arrazoia eman baitzion.

Iazko apirilaren 8an hasi ziren Lekarozko herrian luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat egiteko Aroztegiko proiektuaren lanak, Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Herritarrek lanak egin behar zituzten lurretan egindako kanpaldiak 11 egun iraun zituen eta lanak gelditzea lortu zuten.

Ondorio legalak izan ditu proiektuari aurre egin izanak. Aroztak herri ekimeneko kideek jakinarazi zutenez, maiatzean Elizondon egindako manifestazioaren biharamunean jakin zuten hamar ekintzaile inputaturik zeudela, eta ondoko asteetan beste 25 lagunek jaso zituzten isun administratiboak. Guztira, 20.000 euro eskatu zizkieten isun eta kalte ordainetan.

Urtarrilaren amaieran sei herritarrek deklaratu behar izan zuten proiektuaren aurkako desobedientzia ekintza egiteagatik. Era berean, Ahotsa.info eta Ekinklikeko kazetari bana mozal legeaz zigortu zituzten iazko irailean, protesten jarraipenean “agenteak identifikatzea errazten duten irudiak publikatu izana” leporatuta.