argia.eus
INPRIMATU
Aroztegian lanean aritu diren hondeamakinek egindako “txikizioa” salatu du Lekarozko alkatetza taldeak
  • "Hondeamakinek hamarnaka arbola bota dituzte, ehunka urte zituzten haritzak moztu, eta pista berriak ireki nekazal lurrak xehatuz", salatu du Lekarozko Alkatetza taldeak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko maiatzaren 13a
Telleria errekako bazterrak xehatu dituzte, baita harrizko zubia bera ere.

"Txikizio honen adibiderik lazgarriena, beharbada, Sukiletx inguruan gertatutakoa dugu. Inguruko arbolak mozteaz gain, Telleria errekako bazterrak xehatu dituzte hondeamakinen pasoarekin, baita harrizko zubia bera ere. Hondeamakinak erreka gainetik pasatu ahal izateko harrizko zubiaren bazterreko paretak birrindu dituzte eta zubia bera kaltetua izan da pisu handiko makinen lanaren ondorioz".

"Herriko bazterrak bortxatuak ikustean zaila da lekaroztarrok sentitzen duguna adieraztea, baina gero eta argiago dugu Lekaroz den bezala maite dugula, lurrari lotua, pelotazo urbanistikorik gabe", irakur daiteke alkatetzak zabaldutako oharraren amaieran. "Aroztegiko proiektuaren ondorioz beren lurrak galdu eta kaltetuak izan diren herritarrei gure elkartasuna helarazi nahi diegu eta, bide batez, Nafarroako Gobernuari UGEP-a bertan beheiti utz dezan eta baztandarron borondatea errespeta dezan eskatzen diogu. Hortaz, herritarrak animatu nahi ditugu 'Aroztak' ekimenak hurrengo maiatzaren 15erako Elizondon antolatu duen manifestazioan parte har dezaten".

Sukiletx inguruan, makinak pasa aurretik eta ondoren.

Inposatutako proiektu urbanistikoa

Alkatetza taldeak dio hamaika argudio dituztela Aroztegiko proiektuari ezetz errateko: "Garapen eta turismo ereduei lotuak, ingurugiroaren aldekoak, gure hizkuntzarekikoak, Baztanek duen etxebizitza arazoarekin zerikusia dutenak, Lekarozko ur horniduraren inguruko zalantzak, baztandarron mundu ikuskeraren ingurukoak... Baina, nola eta non eztabaidatu gainetik inposatzen zaigunean?".

Lekaroztarroi eta baztandarrei Aroztegiko egitasmo urbanistikoa "inposatu" egin zaiela sakatu du. "2009an herriko batzarrak deitutako herri galdeketan Lekaroztarrok ezetza eman genion proiektuari, eta 2016an Batzar Nagusiak antolatutako herri galdeketan Baztandarrok ezetza eman genion proiektuari. Hala ere, erran bezala, egitasmoa inposatu egin zaigu, Nafarroako Gobernuak Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) onartu ondoren. Agerikoa denez, UGEP-a bertako herritarren eta instituzioen borondatearen gainetik pasatzeko trikimailua izan zen".