argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian
  • Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 27a
Elkartasunez, elkarretaratzea (Argazkia: @ELANafarroa)

Sei herritarrek deklaratu dute Nafarroako Auzitegiko epailearen aitzinean goiz honetan, Aroztegia makroproiektu turistiko eta urbanistikoaren aurka ustez desobedientzia ekintza gauzatzeagatik. Hamarnaka lagun batu dira auzitegi aitzinean, elkartasunez eta errepresio honen salatzeko.

Aroztak plataformako Garbiñe Elizegik Berria-ri azaldu dio lurraren eta bizimoduaren alde egiteagatik direla epailearen aitzinera deituak izan: "Zigortu nahi dena ez da egin duguna edo egin ez duguna, baizik eta eraso bortitz baten aurrean herri oso batek bere burua defenditzea eta bere erabakien jabe izatea".

Iazko apirilaren 8an hasi ziren Lekarozko herrian luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat egiteko Aroztegiko proiektuaren lanak, Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Herritarrek lanak egin behar zituzten lurretan egindako kanpaldiak 11 egun iraun zituen eta lanak gelditzea lortu zuten.