argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiak kaltetuko dituen parajeak ezagutzeko oinezko ibilbideak eskaintzen ditu herri plataformak
  • Uda ailegatu zaigu eta Baztango bailara bisitatzeko aukera ezin hobea da garai hau, horregatik Aroztegia… eta gero zer? Herri plataformak, Aroztegiako proiektuak kaltetuko dituen parajeak ezagutzeko oinezko ibilbideak ezagutzeko gonbita luzatzen dizue.

Aroztegiaetagerozer 2018ko uztailaren 12a

Baztan jakin min berezia sortzen duen bailara dugu, baserri eta jauregiak, belai berdeetan bazkatzen diren behi, ardi eta larre pottokak. Paisaia. Baztandarren mintzo xaloa. Eta nola ez,  Batzar Nagusia eta herrietako batzarrak, berezi egiten gaituen eta gurea den antolamendu instituzional zaharra.

Baina kasu! Ohiturak marraztutako margolan honen gibelean Baztandarren eguneroko problematika ezkutatzen baita, baserri eta jauregiak ederrak dira arras baina Baztanen 800 etxe huts baino gehiago ditugun honetan Palacio de AroztegiaSL-k 228 famili bakarreko etxebizitza egin nahi ditu. Gure belai berdeak ez dira paisaia basati hutsak, baizik nekazalgoak lurrarekiko duen harremanaren ondorio. Egunetik egunera adinez zaharragoa den nekazalgoa beti egitasmo txikitzaileen mehatxupean. Gure mintzoa xaloa dugu bai baina gaur den egunean oraino goxoki zaindu behar dugun ondare hauskorra da, zenbait ikerketen arabera proiektu honek anitz kaltetuko lukeen ondarea. Eta Batzar Nagusiari, Nafarroako gobernuak eskumenak kendu dizkio UGPS aren bitartez, baztandarren erabakitzeko tresna ebatsiaz eta Aroztegian bertzeren artean golf belaia inposatzeko, gure borondatearen aurka eta herri lurrak zein nekazarienak bereganatuz.

Eta horregatik, Baztan maite duzun bisitari hori, zuri, Aroztegiako proiektuak kaltetuko dituen parajeak ezagutzeko oinezko ibilbideak eskaintzen dizkizugu, paisaiaz gozatu arratsalde pasa goxo bat egin eta bide batez gure 11 borroketako baten zergatia ulertzeko aukera sortzeko asmoz. Era kontzienteago batean guregana hurbiltzeko bertze modu bat.