argia.eus
INPRIMATU
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen
  • Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 16a
Kinbonbo Brass Bandarekin kalejira Lekarozen / Argazkia: Aroztak.

Aroztegiaren aurkako manifestazio, elkarretaratze, akanpada, solasaldi eta bestelakoetara hurbildu den jendea "eskertzeko" xedez antolatuko dute maiatzaren 14ko ospakizuna. Lekarozen jarri du hitzordua Aroztak! taldeak, egun osoko egitaraua osatuz: ipuinak, mural margoketa, zikiro-jatea, bertso saioa, kalejira eta gauean kontzertuak (Leizeak, Burutik, AFU eta Dj Kazeruerk).

Lekarozen turistentzako 228 etxebizitza, golf zelaia eta luxuko hotela eraikitzeko Aroztegia proiektu urbanistikoaren obrak hasi eta berehala iritsi zen herritarren erantzuna iaz: akanpada bat jarri zieten parean makinei eta obrak gelditu behar izan zituzten. Geroztik ez dira itzuli eta herritarrek adi segitzen dute. Parean, errepresioarekin erantzun zaie: isunak bideratu zaizkie eta ustez desobedientzia ekintza gauzatzeagatik, hainbat herritarrek epailearen aitzinean deklaratu behar izan dute.