argia.eus
INPRIMATU
Aroztegia proiektuaren kontrako akanpada hasiko dute
  • Ostiral honetan, 15:30ean Lekarozko Plazan akanpada eginen dute, eta larunbatean 17:00etan elkarretaratzea. Aroztegia eta gero zer? eta Baztango Gazte Asanbladak jakitera eman dutenez, maiatzaren 15ean 17:30ean manifestazioa antolatu dute Elizondon. Proiektuaren asmoa da 350 biztanle inguru dituen Nafarroako Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza eraikitzea.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 15a

Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak agerraldia egin dute apirilaren 14ean Aroztegia egitasmoaren kontrako mobilizazioen berri emateko. Ostiral honetan hasiko da Lekarozen akanpada, eta larunbatean elkarretaratzera deitu dute proiektu turistiko eta urbanistiko honen obren abiatzea salatzeko.

Egitasmo honen aurka direnek argi dute: "Aroztegiak ez dio gure lurra eta paisaiari bakarrik eragiten; bailarari lotuta bizi den herri baten ohiturak eta bizimodua desegin nahi dituzte". Gainera, kalteak hainbat arloran eraginen dituela ere deitoratzen dute –hizkuntzan, nekazaritzan, etxebizitzan, baliabide naturaletan...–.

Proiektu honek, 350 biztanle inguru dituen Nafarroako Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea du asmo. "Ez dezagun atzendu Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxebizitzak direla. Beraz, parke tematikoaren itxura eman dioten proiektu honek herri baten desagerpena ekarriko du". Proiektu turistiko eta urbanistikoaren kontra mobilizaturik dira herritarrak, eta bide horretan aitzina egiteko gogoa argiki plazaratu dute. Ostiral honetan, 15:30ean Lekarozko Plazan akanpada, larunbatean 17:00etan elkarretaratzea eta maiatzaren 15ean 17:30ean manifestazioa eginen dute Elizondon.