Kontziliazio hitzordu bat medio aurkeztu behar izan dute, Aroztegia...eta gero zer? plataformak salatu duenez. 50.000 euroko kalte ordaina eskatu diote bakoitzari.
Palacio de Arozteguia S.L. enpresak ezarritako kereila kriminalaren "hasierako pausotzat" jo dute. "Zigor penalaz gain", 50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete Aroztegiaren aurkako plataformako zazpi kideri, "prentsaurreko batean parte hartzeagatik".
Herritar ugari hurbildu da epaitegi aurrera gertaerak salatzera eta kaltetuak babestera. Salatu dute kereila horien helburua dela herri mugimendu eta jendarte osoa kriminalizatzea eta isilaraztea: "Hor ditugu UGPSaren kontra bildutako 900 sinadurak, 1.500 pertsona bildu zituen manifestazioa, proiektua zalantzan jartzen duten ahots guztiak, eta oro har, herri galdeketaren aldeko mugimendu osoa".
Herri galdeketa "trabatzea" dute helburu, "gatazka soziala sortzen duen proiektua" bada ere. Horren adibidetzat jo dute Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak asteartean izandako jarrera.
Aierdi egitasmoaren bultzatzaileekin elkartu zen Lekarozen. Herritarrak proiektuaren aurka bildu baziren ere, "presidenteordeak ez zuen hitz erdi bat ere egin Aroztegiako afera kudeatzeko moduak ekarri duen gatazka sozialari buruz".
Horrek "argi" erakusten du "herritarron interesen gainetik, bere kargu publikoa baliatzen duela bere ingurukoen alde lan egiteko", gehitu dute plataformako kideek.