Nafarroako Gobernuak Aroztegiko urbanizazio lanen txostena onartu eta baimena eman du hirigintza plana aurrera emateko. Ekainaren 5ean proiektuari buruzko herri galdeketa egin zuten Baztanen, eta aurkako aldea nagusitu zen.
Golf zelaia, hotela eta 228 etxebizitza egin nahi ditu sozietateak 341 biztanle dituen Lekarozen. Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiak “kolpetik aberasteko proiektua” dela esan zuen, eta berba horiek erabiltzeagatik 36.000 euroko kalte ordaina eskatu zion Aroztegia Jauregia Sozietate Mugatuak.
Hirigintza planaren inguruko herri galdeketa iragartzeko prentsaurrekoa eman zuten zazpi herritarrek urtarrilean. Maiatzean zigor kereilak jasotzen hasi ziren, eta 50.000 euroko kalte ordainaren eskaria. Hilabete berean, Elizegi eta Joseba Otondo egungo alkatearen aurka sozietateak jarritako salaketa onartu zuen epaitegiak, prebarikazio delitua egotzita. Azkenean, herri galdeketa egin zuten ekainaren 5ean, eta planaren aurkako aldea gailendu zen alde handiz (botoen % 80).
Proiektuak aurrera egin du hala ere. Baztango alkate eta alkate ohiaren aurkako prozesuak jarraitzen duela salatu dute zazpi gazteek. Eta Aroztegia Jauregia Sozietate Mugatuak demanden mehatxupean dituela oraindik ere.
Horren aurrean, adierazi dute herritarren hitza bilatzea ezin dela inoiz eta inon errudun agertzeko arrazoia izan. Euren iritziz, sozietateak beldurtuta “nahi” ditu, “badakielako mehatxurik gabeko baldintzetan ez zela inondik ere onartuko bere proiektu espekulatzailea”. Isilik nahi dituela gaineratu dute, “zabaldu ez dadin proiektuak ez dituela legalki baldintza guztiak betetzen”.
Urtarrileko agerraldi hura egin eta hamaika hilabete beranduago, “euren erakundeen gainetik pasa nahi dutenei aurre egiteko prest” daudela azaldu dute gazteek abenduaren 1ean emandako prentsaurrekoan.