Astelehenean helarazi zizkien Guardia Zibilak deklaratzeko zitazioak. Bi egun lehenago, larunbatean, ehunka pertsonak parte hartu zuten Aroztak taldeak Aroztegiaren aurka deitutako manifestazioan.
Astelehenean, Poliziaren aurrean deklaratzeko zitazioak helarazi zizkien Guardia Zibilak Aroztak taldeko hamar ekintzaileri. Lekarozko Aroztegia proiektuaren aurkako kanpaldian parte hartu izanarekin loturan, bortxa delitua leporatzen diete.
Aroztegiaren aurkako kanpaldia apirilaren 8an abiatu zuen Aroztak taldeak, eta hamaika egunez eutsi zioten bertan, harik eta Aroztegia proiektuko lanak gelditzea lortu zuten arte. Gauzatutako erresistentziaren bidez lortu zuten hamaikagarren egunean Palacio de Aroztegia SM enpresak makinak handik ateratzea. Gelditzea lortu dena makroproiektu urbanistikoa da, bideratua dagoena Lekarozko herrian eraikitzera golf zelai bat, spa gune bat, 126 logelako hotela eta luxuzko 228 etxebizitza.
Proiektuaren aurkakotasuna agertuz, larunbatean ehunka pertsonak bat egin zuten Aroztak deitutako manifestazioarekin. Antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona inguruk parte hartu zuten Aroztegia gelditu, UGEPik ez, inposiziorik ez! lelopean Elizondotik Lekarozera egindako mobilizazioan. Agerraldi jendetsua egin eta bi egunetara deitu zituzten Aroztakeko hamar kideak deklaratzera.