Laborari astekariak ezagutarazi du hil berri dela Sohütan Arño Hegiaphal militante abertzale zuberotar historikoa.
82 urtetan zendu den Hegiaphal 1967ko hauteskundeetan Enbata mugimenduak aurkeztu zuen Kristiane Etxaluzerekin batera, honek 2010eko LARRUNen kontatu zuenez (10. orrialdean ikus daiteke orduko afixa, bien gaztetako argazkiekin).
Laborarin ELB sindikatuak ohar batean nabarmendu du Hegiaphalek Iparraldeko nekazari mugimenduei eskainitako lana eta Jean-Louis Davantek laburbildu du gizonaren biografia.
Arño Hegiaphal: Üztarriko laguna
Arño Hegiaphal, Sohüta / Sorhoeta Üharteko laboraria, aita familiakoa, abertzale bezala düt haboroenik ezagütü. Arren püntu horren aipatzera mügatuko niz heben.
Goizik algarrekin agitü ginen Enbata mubimentüan. Beste zonbaitekin talde iraünkor bat bildü günüan Xiberoan. Militante lan güzietan parte hartzez, Arño Enbatari fidel egon zen bürüalano, hots Frantziako gobernüak debeta lezan arte 1974an. Egintzarik aipagarriena zait 1967an depütatüen berritzeko bozketan Enbataren izenean haütagei agertzea honartü züala, Kristiana Etxalüzen lagün. Kanpaina ederra egin günüan. Orit niz bereziki Hazparneko bilküra püblikoaz. Herriko zinema jentez mükürrü zen eta giroa zinez bero, kontrekoak indarrean jinik beitziren. Kristiana ez züen mintzatzera ützi nahi; oihüen artean, ahal bezala heltü zen, sonoa eta botza gorenean ezartez. Aldiz Arño errespetürekin entzünik izan zen, baxenabartarrez mintzo. Arrasate / Mondragoneko kooperatiba famatüen ikusten izan berri beitzen Iparraldeko abertzale saldo batekin, haiez mintzatü zen hanitx ontsa, paperik gabe.
Beste oritzapen handi bat: 1971an, herrietako bozken ondotik, hebenko enbatatiar taldekoek Xiberoko Sindikatean sindik gei bezala presentatzera bulkatü günüan. Honartü züan, eta hanko jüntan 10 boz bildü zütüan, [Franz] Duboscq zenak haatik 30, eta beste hiru agertü ziren “Enbata” izkiribüarekin: hurak ere Arñoren aldekoak. Botzen kasik herena laborari ttipi eta hein bat gazte horrentzat, fama handiko jaun bati bürüz, ez zen batere gaizki.
Enbataren ondotik sortü zen EHAS, Euskal Herriko Alderdi Sozialista (1974-1981). Xiberoko talde bat antolatü günüan Enbatako kide ohi elibatek, abertzale gazteagoekin. Arño hortan ere beti bardin arrahein. Düala urte zonbait Eusko Alkartasuna alderdian sartü da, bere zentzü honezko bideari fidel egonez, beti anpleki bezain fermüki eta süharki.
Arño laboraria, intelektüal bat zen ber gisan: hanitx irakurtzen züan, eta lüma trebea züan eüskaraz ala frantsesez. Gure dolüminik barnoienak familiari, oritzapen hoberenekin.
ELBren azken agurra
Arño Hegiaphal, aspaldiko lagun eta militanteak utzi gaitu. ELBren ideieri eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarari agertu du beti bere atximendua.
2001ean, [Paueko] Laborantza Ganbarako bozetan onartu zuen ELBko “laborari ohien” zerrendan presentatzea. ELBk lehen aldikotz Euskal Herriko gehiengoa lortzearen plazerra partekatu ahal izan zuen orduan lagunekin! Gero, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu zelarik 2005ean, Biltzar Orokorreko kide sartu zen laborari ohien ordezkari bezala. Alde hortarik ere abentura eder baten partaide izan da Arño... Dolumin bizienak zuzentzen ditugu hemen familiari, eta, errespetu eta eskerrak Arño zenari.