Gidor Bilbao EHUko ikerlariak Grenobleko liburutegian Cobla Berriae liburuaren ale bat topatu du, eta Baionako liburutegikoak baino lau orri gehiago ditu. Bertan daude orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak.
Arnaut Oihenart historialari eta idazlearen poema berriak aurkitu ditu Gidor Bilbao EHUko ikerlariak. Grenobleko liburutegiko Cobla Berriae liburuak, Baionako udal bibliotekakoak baino lau orrialde gehiago ditu, eta han topatu ditu orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak. Euskal Idazleen Elkarteak elkarrizketatu du Bilbao, eta bertan eman du ikerketaren xehetasunen berri. Poemak ere irakur daitezke bertan.
XVII. mendeko poetak bi poema liburuxka argitaratu zituen: Oten gaztaroa neurtitzetan eta Kobla berriak. Orain arte genekienaren arabera, azkenaren ale osatuena Baionako liburutegian zegoen, Parisekoak baino orri gehiago baitzituen. Roblesekoan, ordea, lehenengo orrian orain arte ezagutzen ez genituen zazpi ahapaldi daude. Azken orrialdeetan, berriz, Jorraleen koblak I eta Jorraleen koblak II poemak aurkitu ditu bermeotarrak. Jorraleen koblak izenburua bazegoen Baionako alean, baina poemak ez.
Bilbaok azaldu duenez, lehen orrialdeko ahapaldietan beste inon erabili ez duen egitura metrikoa darabil Oihenartek: "Irudipena daukat horrek egilearen helburu nagusietako bat salatzen digula, hau da, euskarazko poesiagintzan era askotako egitura metrikoak erabil daitezkeela erakustea". Ikerlariak aurkitu bezala utzi ditu poemako hitzak, baina editatu ere egin ditu, gaur egungo grafiara eta puntuaziora egokituta eta hainbat oharrekin, "pentsaturik Oihenarten poemak ulertzea ez dela erraza".
Jorraleen koblak testuak ere ekarpen historikoa egin du. Xikitoen tradiziokoak dira poemak, baina, Bilbaoren ustez, hemendik aurrera "perraka-xikitoak" esan beharko genuke. Xikitoetan gizonezkoa gizonezkoari xikito!-ka aritzen zitzaion, baina Oihenarten poema hauetan ikusten da nola andreak gizonari "xikito" esaten dion, eta gizonak andreari "perraka" (andre zarpaila). "Horrek esan nahi du, seguruenik, bazegoela ahozko tradizio bat, guk uste duguna baino zaharragoa eta aberatsagoa".