Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.
Euskaldun gehiagorekin, euskararen erabilera handiagoa da. Horixe da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaren ondorioetako bat. “Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat”, laburtu dute txostenean. Dena den, ohartarazi dute arnasguneetan (euskaldunak %80tik gora diren herrietan) kaleko euskararen erabilerak bilakaera negatiboa izan duela azken lau urteetan: “Ez da galera handia, baina bai arnasguneen bilakaerari buruzko zantzu bat”.
Ehunka bolondresek UEMAko udalerrietako kaleko elkarrizketak behatu dituzte bigarren aldiz, euskararen erabilera neurtzeko. 2017an baino ikerketa sendoagoa egin dute 2021ean, lehengoan baino hamazazpi udalerri gehiagotako laginak hartuta: UEMAko 87 udalerritan eta Tolosaldeako seitan egin dute behaketa. 71.000 elkarrizketaren eta 227.900 solaskideren lagina hartu dutenez, neurketak fidagarritasun handia lortu du. 74 udalerri hartu dituzte aurreko emaitzekin alderaketak egiteko, eta ondorio orokorra 2017koaren ia berbera izan da: aztertutako pertsonen %61,1 euskaraz aritu da.
Haurrek euskara gehien
Txostenaren arabera, zenbait faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, hala nola pertsonaren soslaiak (generoa, adina…) edota udalerriaren nolakotasuna (tamaina, euskaldun kopurua...). Batetik, emakumeek (%61,7) gizonek (%60,3) baino gehiago darabilte euskara, batik bat adin tarte gazteenetan. Bestetik, zenbat eta helduago izan, orduan eta gutxiago erabiltzen da euskara; alegia, ikus daiteke ezagutzak eragin zuzena duela erabileran. Haurrek (%75,7) eta gazteek (%65,6) hitz egiten dute gehien euskaraz, eta gutxien 40-64 urte artekoek (%50,1).
Gainera, ondorioztatu dute solasaldiko pertsonen adinak eragina duela hizkuntzan. Euskara gehien entzun dute haurrak haurrekin ari direnetan (%75,2), eta entzun dutenez, haurrak helduen elkarrizketen parte direnean euskara gehiago erabiltzen da: %57tik %73ra igotzen da.