argia.eus
INPRIMATU
Arnasgailuak presoen truke Gazan
  • Gazan dauden Israelgo bi herritar eta bi militarren gorpuen truke 250 preso palestinar askatzeko eta arnasgailuei eta osasun materialari sartzen uzteko estatu dio Hamasek Israeli. Momentuz 13 kasu soilik zenbatu dituzte Gazan, baina OMEk ohartarazi du Gazako osasun sistema ez dagoela prest pandemia bati aurre egiteko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 20a
Gazako kaleak desinfektatzen. Argazkia: RTVE.es.

Negoziaziotan daude Hamas eta Netanyahu, 2014tik lehenengoaren lurraldean dauden lau herritar eskaini dizkio Hamasek bigarrenarenean dauden 250 preso eta material medikoaren truke.

Hamasek eskaintzen dizkion lau israeldarretatik bi 2014ko gudan hil ziren militarrak dira. Azken hauek eskaini arte Israelek ez du negoziaketak hasteko asmorik erakutsi; Hamasek proposatutako beste bi presoekiko, buruko gaixotasunak dituzten eta muga bere kabuz gurutzatu duten Israelgo bi etnia minoritarioko kideak, ez du interesik erakutsi. Bi militarren gorpuen erreskatea, Estatuaren eta Defentsa Ministerioaren interesei lotuak egotaz gain, beren familiako kideek judaismoan oinarritutako hileta egiteko presioak sartu dituztelako izan da.

Bestalde, Hamasek eskatzen dituen presoak 2011n aske utzi eta 2014an berriro kartzelaratu zituzten palestinarrak dira, preso politikoak.

Osasun afera

Gaza koronabirusa munduan gutxien pairatu duen lurraldeetako bat da, Egiptok eta Israelek 13 urtez ezarri dioten isolamenduaren ondorioz. Hala ere, azken horrekin duen mugatik sartu ziren lehen bi kasu positiboak, Pakistanen ospatutako erlijio ekitaldi batetik bueltan zihoazela.

Hori horrela, arnasgailuak bidaltzeko ere eskatu dio Hamasek Israeli, lurraldeak okupatu dituenez, Gazako jendearen ongizatea bermatu beharra duela argudiatuz. Ordura arte OMEk eta Txinak bidalitako osasun materiala heldu da, Israeletik pasata; eta Israelgo zenbait medikuk koronabirusa nola tratatu erakutsi die gazarrei.

Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile Ashraf al-Quidrak nazioarteko komunitateari 100 arnasgailu eta 140 ohe bidaltzeko eskatu dio, Zaintza Intentsiboen Unitateetarako. Izan ere, Ministerioaren datuen arabera, gaur egun 70 arnasgailu inguru daude Gazako ospitaleetan, beste eri batzuk dituztenek okupatuak jada.

Pandemiak lurralde horretan eragin dezakeen sarraskia ikusita, Amnistia Internazionalak Gazaren blokeoa altxatzeko eskatu dio Israeli, horrela beharrezkoa duten osasun material guztia sartu dadin.