argia.eus
INPRIMATU
EH Bildu
“Prest gaude aldaketa termino lasaietan egiteko eta beste batzuekin batera lideratzeko”
  • Igandeko hauteskundeetako emaitzen ondoren, EH Bilduren koordinatzaile Arnaldo Otegik agerraldia egin du. "Aldaketa sakon eta lasaia" egiteko aliantza zabalen beharra azpimarratu du, eta "nahi duten" alderdiekin batera lideratzeko prest dagoela nabarmendu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 29a

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak azaldu du "oso gau magikoa" izan zela igandekoa,eskerrak eman dizkie herritar guztiei eta agindu die ez dietela hutsik egingo. Adierazi du, dena den, oraindik luze emango duela datuen hausnarketa egitea eta ondorio politikoak ateratzea.

Hego Euskal Herrian EH Bildu lehen indar politikoa bilakatu dela azpimarratu du Otegik: "Datuak hor daude, eta hau albiste ona da Euskal Herriarentzat". Era berean, adierazi du abstentzioa igotzean, EH Bilduren bozkak igo egiten direla: "Igoera sostenitua da, abstentzioa igotzean, gure bozkak igo egiten dira, eta horrek esan nahi du gure printzipio eta baloreak oso sendoak direla".

Aurrera begira aliantza zabalak beharrezkoak direla iritzi dio EH Bilduk, eta gainontzeko alderdiekin bultzatzeko prestutasuna azaldu du, salbu eskuin espainolarekin: "Prest gaude aldaketa termino lasaietan egiteko eta beste batzuekin batera lideratzeko, gurea ez da harrokeria, harrotasuna da".