EH Bilduko idazkari nagusiak pandemiaren seigarren olatuak sorturiko egoera "larria" dela nabarmendu du eta koalizio abertzaleak proposaturiko hainbat neurri azpimarratu ditu, besteak beste txertaketa anbulategietatik ateratzea edo aztarnari gehiago kontratatzea.
Arnaldo Otegiren ustez orain arte gobernuek COVID-19aren transmisioa eteteko hartu dituzten neurriak "kosmetikoak" baino ez dira: "Jakin badakigu urte eta erdi ondoren aire librean kutsatzea oso zaila dela, beraz aire librean maskara jartzeak, aglomeraziorik ez dagoenean, ez du zentzu handirik". Covid-pasaportearen inguruan ere ez dela "eraginkorra" azaldu du, eta EH Bildu beti egon dela "neurri zorrotz eta eraginkorren alde".
EH Bilduk bere idazkari nagusiarekin osaturiko bideo-elkarrizketa zabaldu sareetan, eta honek gogorarazi du proposatu izan dituztela hainbat ekimen pandemiari aurre egiteko, txertoak "liberalizatzearen" alde Espainiako Kongresuan martxan jarritakoa kasu: "Gure borondatea da txertoa planeta osoan eskuragarri egotea, ez farmazeutikek negozioa egitea". Era berean, Otegik nabarmendu du aurrekontuen negoziazioan "indar berezia" jarri dutela dirua eta inbertsioak "lehen arretan eta Osakidetzan nahiz Osasunbidean jartzeko".
EH Bilduren proposamenen artean daude: txertaketak osasun zentroetatik ateratzea; aztarnari gehiego kontratatzea, ez derrigor osasun langileak, baizik eta "osasun autoritateen kontrola" edukiko duten langileak; toki itxietan CO2 neurgailuez gain airea filtratzeko neurriak hartzea; "doan edo prezio sinboliko batean" autodiagnostikatzeko tresnak eskaintzea herritarrei; eta azkenik, ordaindutako zaintza bajak egotea positibo diren herritarren senideentzako.
"Hauek dira neurri eraginkorrak, eta ez kosmetikoak –dio Otegik bideoaren amaieran– eta hau da egin behar den eztabaida". Osasungintza publikoan azken urteetan izandako murrizketak ere salatu ditu ezker abertzaleko buruzagiak: "Guretzat, osasuna lehentasuna da, ezkerreko ikuspuntu batetik eta giza eskubideen ikuspuntu ere bai".