argia.eus
INPRIMATU
Arnaldo Otegi
“Gu atxilotu gintuzten ETA Euskal Herriko ekuazio politikotik ez ateratzeko”
  • Bateraguneko auziko auzipetuen izenean hitz egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta poza agertu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auzia ez errepikatzea erabaki duelako. Estatuko herrien askatasun nahia modu demokratikoan bideratzeko deia egin dio Espainiako Estatuari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 18a

Arnaldo Otegik aitortu du euskal independentistak ez daudela ohituta Espainian auziak irabaztera eta oso pozik daudela, baina erabakia “hamabost urte berandu etorri da”. Orain Katalunian ikusten ari den moduan, lawfare auziak oso ugariak direla aipatu du, baina hori Euskal Herrian oso aspaldikoa dela eta ezker abertzalearen aurka egon zen ilegalizazio estrategia hori izan zela aipatu du: “Hori jazarpen politikoa da, estatu biolentzia”.

Eta zertarako auzipetu zituzten Bateragune auzian?: “Gordin esango dut: gu atxilotuak izan ginen ETArik gabeko eszenatoki berri bat eragozteko”. Horrez gain, azpimarratu du horrekin ezker abertzalearen etorkizuneko potentzialitatea neutralizatu nahi zutela, baina ez dutela lortu, “gaur egun, hamabost urte ondoren, ezker independentista Euskal Herriko lehen indar munizipalista da. Beraz, porrot egin dute eta pozten gara horregatik”.

“Dena egin dute independentismoa gelditzeko”, aipatu du Otegik, Pere Aragonès Kataluniako Generalitateko lehendakariak esandakoari aipamen eginda. Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko independentismoak demokraziaren aurkako bideetatik eragozten saiatu direla ere esan du, baina ez dutela lortu. Hori dela eta, dei egin dio estatuari bertan diren arazo nazionalei irtenbide demokratikoa emateko, “errepresio eta lowfare-ak” albo batera utzita: “Euskal nazioei eta beste nazioei hitza eman behar die estatuak, eta haien erabakia onartu eta errespetatu”.

2021eko urriaren 18an Ezker Abertzaleak egindako adierazpena ere baloraziora ekarri du: “Orduan esan genuen sekulan ez zela gertatu behar hemen izandako sufrikarioa”. Aitortu du sufrimendua eragin zutela, baina ez zirela bakarrak izan horretan, beste batzuek ere sufrimendua eragin zutela, baina oraindik ez dutela horren inguruko aitortzarik egin: “Noiz onartuko duzue ardura hori publikoki?”. Azaldu du ez diola hori zigor alorrean jazarpenik planteatzeko, baizik eta bizikidetzan urratsak emateko.

Auzitegi Konstituzionala: zazpi alde, lau aurka

Asteazken honetan hartu zuen auzia ez errepikatzeko erabakia Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Juan Carlos Campo auzitegiko magistratuak hala proposatu ondoren. 2018an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzipetuei ez zitzaiela bidezko prozesua bermatu.

Horren ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen epaia errepikatu behar zela. Auzipetuek erabaki horri helegitea jarri zioten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta honek orain erabaki du ezin dela pertsona bat delitu beragatik bi aldiz epaitu. Hamaika magistratuk osatzen dute Auzitegi Konstituzionala, eta zazpik epaia ez errepikatzearen alde egin dute eta lauk aurka. Horrela itxi da 2011an hasitako auzia. Orduko zigorraren ondorioz, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diezek sei eta hamar urte artean iragan dituzte espetxean.