argia.eus
INPRIMATU
“Gaur ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da Hego Euskal Herrian”
  • Donostian festa giroan egin dituzte adierazpenak EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegik. Joseba Asiron ere pozik agertu da Iruñean.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 29a

Gipuzkoako Batzar Nagusietan boz gehien lortu dituen Maddalen Iriartek hartu du lehenik hitza: "Gipuzkoak erabaki du gobernu aurrerakoi bat izatea, EH Bilduren lidergoa izango duena eta nik neuk burutuko dudana. Bihar bertan nik neuk lideratuko ditut gobernu hori osatzeko negoziaketak, Gipuzkoako garaiko erronkei erantzuteko, gobernu zabal eta aurrerakoi bat izan dezan. Ez ditut ahaztu nahi EH Bilduk gaur lortu dituen udal horiek guztiak. Txalo bero bat Juan Karlos Izagirrerentzat, bera gabe eta berak Donostian lortu dituen emaitza izugarri horiek gabe ez litzatekeelako hau posible izango. Bihartik aurrera, lanera!".

Jarraian, Arnaldo Otegik hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie militanteei, bolondresei, "eta zaratatik haratago soluzioak planteatu dituzten" guztiei. Ondoren zera adierazi du: "Gaur hauteskunde munizipala baino gehiago gertatu da; gaur ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da Hego Euskal Herrian. Ezker independentista, Euskal Herri osoa kontuan hartuta lehen indar politikoa da. Ezker independentista, lehen indar munizipalista da Euskal Herri osoan eta ezker independentistak gaur bere emaitzarik onenak lortu ditu bere hauteskunde ziklo osoa kontuan hartuz". Ondoren EH Bilduk lehen aldiz eskuratu edo berreskuratu dituen udal nagusiak zerrendatu ditu, Oion bereziki azpimarratuz. "Gaur gu sentitzen gara Euskal Herriko indar politiko irabazlea. Apaltasunez esaten dugu, gurea ez baita harrokeria, gurea herri konpromisoa baita. Gobernatu dugun udal guztietan gora egin du EH Bilduk, kudeaketa herritarra guk egiten dugu". Marearekin parekatu du ezker independentista: "Gurea marea da, poliki igotzen den marea bat, baina gaur marea oso altu utzi dugu eta marea asko indartu eta hedatu da. Harro hadi, Kantauri itsasoa, gaurko emaitzak izugarriak direlako. Zazpi lurraldeak kontuan hartuta, ia 400.000 bototan dago jada ezker independentista, ziklo politiko berri bati ateak irekitzen ari gara". Azken dei honekin bukatu du hitzartzea: "Bihar al tajo, euskal errepublika askatu arte. Gora Euskal Herria askatuta!".

Iruñeko Udalerako EH Bilduren hautagai Joseba Asiron pozik agertu da prentsaren aurrean. Iruñean %3 gehiago, 1.000 boto gehiago, lortu izana nabarmendu du: “Zortzi zinegotzi izango ditugu. Begietara begiratzen ari gara erregimenari, UPNri, eta hau hasi besterik ez da egin. Iruñeak hitz egin du, eta bi gauza esan ditu. Batetik, ez duela nahi eskuina alkatetzan izatea; bada gehiengo aurrerakoia udalean. Bigarrenik, aurreratu genuen bezala, nahi du EH Bildu izatea alkatetza hori izango duena, udal aurrerakoia gidatuko duena”.