argia.eus
INPRIMATU
Armiarmek ez dute EU 2015 gogoko
  • “Armiarmak lehoi bat hiltzeko gai izaten dira beren sareak batzen dituztenean”, dio esaera etiopiar batek. Batasunak indarra omen dakar.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2015eko otsailaren 27a

Teoria oso argi dago: bloke bakarraren existentziak liskarrak saihesten ditu. Logika horri jarraiki, beraz, mundua bloke bakarrean balego, historian zehar eman diren Mundu Gudak istorio lirateke, oraindik bizi gabeko pasarte.

Baina teoria ez da praktika; bi kontzeptu ezberdin dira. Teoriak ez du zertan praktikarekin bat etorri. Ezinezkoa da bloke barneko kide guztien erabateko alienazioa, bakoitzak bere berezitasunak baititu. Batasun totala ez da erreala. Hala ba, mundua bloke bakarrean sinplifika daitekeela sinestea huts larria litzateke, nolabaiteko utopia. Toki guztietan daude “ardi beltzak”, bloketik at sentitzen diren indibiduoak. Hori ez dugu sekula ahantzi behar. Honakoa gertatzen da, esaterako, Europar Batasunean. Bertan ardi zuriak daude, eta beltzak; zakurrak ere espektakuluaren parte dira tarteka.

Erabaki ugari hartu izan dira Europar Batasunean. Partaide guztiek bete behar izan dituzten hitzarmen anitz ezagutu izan ditugu. Europar Batasuneko itunen zakuan dago EU 2015 hezkuntza erreforma. Merkataritzaren Nazioarteko Erakundeak itunduriko erabaki baten baitan kokatzen da honakoa; eta Zerbitzuen Merkataritzarako Akordio Orokorra deiturikoa du oinarri. Aipaturiko hitzarmenak gizarte zerbitzuen liberalizazioa ekarriko luke. Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuak liberalizatuko lirateke.

Asmo horrekin, eta hezkuntza arloari men eginez, Europar Batasuneko hainbat herrialdeetako ordezkariek Bolonia ikasketa programaren aldeko akordioa sinatu zuten 1999an. Hezkuntza, pribatizaziorantz daraman bideko lehen harria jartzea lortu zuten. EU 2015 da plangintzaren hurrengo fasea; hezkuntza pribatua lortzera bidean zeharkatu beharreko hurrengo zubia. Baina, zein aldaketa ekarriko lituzke neurri berriak?

Hauetan nagusiena, eta ikasleen artean kezka gehien eragiten duena, “3+2” delakoaren aplikazioa litzateke. Hots, graduak  3 urtetara –egun, 4 urte irauten dute– murriztuko lirateke eta, ostera, ikasketak 2 urteko masterraz osatzeko aukera eskainiko litzateke. Hala, graduak balioa galduko luke eta, ondorioz, ikasketen prezioek gora egiteaz haratago, merkatuak hezkuntzaren gainean duen kontrola areagotuko litzateke; izan ere, ikasleen gainean izugarrizko presioa legoke masterra egiteko.

Bide horretan, merkatuaren beharrizanak asetzera bideraturiko edukiak gailenduko lirateke unibertsitateetan. Merkatuaren interesaren aurka doan oro –“errentagarria” ez dena– ezabatzeko arriskua izugarria litzateke. Eduki kritikoak, hizkuntza ez globalizatuak –euskara multzo honetan kokatzen da…– kinka larrian egongo lirateke, esaterako. Neurri batean, unibertsitateak enpresa bilakatzeko arriskua legoke.

Bestetik, unibertsitateen arteko lehiak gora egingo luke. Kanpo ebaluazioan oinarrituriko irakaskuntza zentroen rankinga osatuko litzateke. Honek, gainera, eragina izango luke unibertsitate bakoitzak jasoko lukeen baliabide –ekonomiko eta materialak– kopurua erabakitzerako orduan. Betiko jokoan eroriko ginateke. Baliabide ugari dituenak gehiago izango lituzke; eta gutxi dituena, berriz, ezerezean geldituko litzateke. Lehiakortasun honek, neurri batean, Espainiar Estatuko unibertsitate guztiak bultzatuko lituzke EU 2015aren konplize izatera.

Testuinguru horretan, oraingoz, EAEko Gobernuak ez du hezkuntza programa berriaren aplikazioa aurreikusten. Baina ez du guztiz baztertu. Denborak esango du. Bitartean, erreformaren aurkako aldarri eta ekimenek ez dute etenik izan Hego Euskal Herrian. Hezkuntza arloko aktore nagusien –ikasle eta irakasleak– sektore zabal bat plangintza berri honen aurka azaldu da. Beharbada, zerbitzuen liberalizazio prozesua etetea lortuko da, 1968ko maiatzean frantziar ikasleriak herrialdeko hezkuntza –eta gizartea– eraldatzea lortu zuen gisara. Ikusteke dago hezkuntza pribatizazioaren auzia nola amaituko den; baina armiarmek ez dute EU 2015 gogoko.

Iker Oñate Aiastui kazetaria da.