20 urte bete dira Armiarma ataria martxan jarri zutela. Kritiken Hemeroteka eta Literatur Aldizkarien Gordailuarekin abiatu zena euskarazko literaturak sarean duen ezinbesteko erreferentzia bilakatu da. Hona hemen atariaren atal desberdinen historiaren eta ezaugarrien errepaso labur bat.
Martxoaren 24an bete ziren 20 urte Andima Ibinagabeitia zenaren izena daraman Literatur Aldizkarien Gordailua jendaurrean aurkeztu zutenetik. Literatur aldizkariak digitalizatu eta sarean eskuragarri jartzeko asmoz abiatu zuen Susa argitaletxeak, eta gaur egun Armiarma.eus denaren lehen alea izan zen. Armiarma ataria Susa argitaletxearen ekimenez sortu bazen ere, urteetan zehar sarea osatu dute beste sarearen bueltan: itzultzen, testuak idazten, argitalpenen berri ematen, ekitaldien abisuak egiten eta bestelako lanetan laguntzen duen jendez osatua.
Argitaletxe izan aurretik literatur aldizkari izan zen Susa (1980tik 1994ra), eta argitaratutako aldizkari horiek eta Euskal Herriko beste zenbait online jartzeko sortu zuten webgunea. Hasieran 16 aldizkari digitalizatu eta berrargitaratu zituzten sarean, egun 29 daude, ia hamaika mila artikulu. Digitalizatutako testuez gain aldizkariei buruzko informazioa eta zenbaki bakoitzaren xehetasunak eta aurkibidea ere kontsulta daitezke gordailuan.
Euskal Herrian ere tradiziotxoa dute literatur aldizkariek, eta XX. mendearen bigarren erdialdeko gehienak biltzen ditu Ibinagabeitia proiektuak, 1945eko Gernikatik hasi eta Vladimir fanzine gazteenera arte, tartean oraindik argitaratzen diren Egan eta Maiatz aldizkarien zenbaki zaharrak ere kontsulta daitezke.
Duela 20 urte, halaber, Kritiken hemeroteka osatzen hasi ziren, hasieran Susa argitaletxearen webgunean bertan eta Armiarma atarian gero, Literatur Aldizkarien Gordailuarekin batera. Urteak joan ahala sarea zabalduz joan da eta hazi egin da Armiarma, hasierako asmoei helduz. Mikel Elorzaren esanetan helburua literatura eta sarea batzea zen, sareak eskaintzen duena euskal literaturari eremu berri bat zabaltzeko baliatzea. Izan ere, dioenez, sareak gordailu mugagabe bat izatea ahalbidetzen du, baina era berean informazioaren eta edukien partekatzea eta gizarteratzea ere, eta horrek definitzen zuen egitasmoa: "Bildu, baina ez morroilopean gordetzeko, zabaltzeko baizik”. Elorzaren iritziz, sarearen aukerak eta edukiak harremanetan jarri ahal izateak, bestalde, literaturaren irakurketa berriak egiteko ere balio du, eta baita bide berriak abiatzeko ere.
Idazleak, haien lanak eta haien lanetatik eratorritakoa leku bakarrean batzen dituen tresna da Zubitegia
Azken 20 urteetan zehar zenbait tresna eta atari gehitu dizkiote Armiarmari. Horien artean dago literaturak sarean duen presentzia astero-astero elikatzen duen Literatur Emailuak argitalpena. Email bidez literaturaren inguruko albisteak hedatzen ditu Emailuak-ek, eta blog gisa ere irakur daiteke. 2002an jarri zuten martxan, eta apirilean bidaliko dute 1000.en emailua.
2004an, aldiz, Literaturaren Zubitegia jarri zuten martxan. Bertan ageri da Armiarma sarearen zati bat begien bistara. Zubitegiaren atal garrantzitsua da literatura euskaraz idazten duten idazleen fitxak biltzen dituena. Bertan, datu biografikoak, argazki bana eta argitaratu dituzten liburuen zerrenda eta horiei egindako kritikak, erreferentziak eta bestelako loturak aurki daitezke. Horrez gain, ordea, egunero idazle baten gomendioa ageri da webgunean, eta datozen literatur hitzorduak, eguneko efemerideak, Kritiken hemerotekako azken kritikak, azken Emailuak eta bestelakoak kontsulta daitezke. Finean, idazleak, haien lanak eta haien lanetatik eratorritakoa leku bakarrean batzen dituen tresna da Zubitegia.
Beste hainbat tresna eta webgune ere biltzen ditu Armiarmak: euskarara ekarritako lanak eta haien egileen fitxak biltzen dituen Euskarari ekarriak, basquepoetry.eus, Klasikoen Gordailua eta guztietan berriena den ipuina.eus atariak.
Aurrera begira, orain arte egindakoa eguneratu eta gehiago zabaltzea litzateke lehen asmoa, Elorzaren esanetan. Izan ere, bere iritziz jende askok ezagutzen ez duen eta izugarrizko aukerak ematen dituen eduki asko dago bertan. Beraz, dagoena edukiz hornitzen jarraitu nahi dute, baina bidean azkena sortu duten ipuina.eus gisako proiekturen bat sortzen bada agian martxan jarriko dutela dio: “Literaturaren inguruko irudigintza ez dago oso landua, adibidez; literaturaren kazetaritza… badaude hainbat eremu jorratzeko modukoak. Egitasmoak gauzatzeko, ordea, denbora behar da: alegia, finantzaketa. Daukaguna areago partekatu eta ezagutaraztea da lehentasuna”.