argia.eus
INPRIMATU
Armentia ikastolak elizak etxegabetu nahi dituen familiei “gertutasuna” adierazi eta mobilizazioekin bat egin du
  • Armentia ikastolan egiten dituzte ikasketak hiru familien haur adingabeak. Gasteizko Alde Zaharrean bizi dira, Eliza katolikoaren Berakah elkarteak kudeatzen dituen etxebizitzetan, eta judizialki etxegabetzeko prozedura abiatu du elkarteak. Ostiralerako etxegabetzeen aurkako mobilizazioa deitu du Auzoan Bizi etxebizitza sareak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko urriaren 20a
Etxegabetze arriskuan dauden hiru familiak bizi diren ataria, salaketa kartela ondoan itsatsita. Argazkia: Auzoan Bizi

“Azken asteetan jakin izan dugunez, gure ikastolako hiru familia etxegabetuak izateko arriskuan daude. Ikastolako zazpi ikasle lirateke etxegabetzeak eragindakoak eta guztira bederatzi adingabeko eta bost pertsona heldu”, dio ikastolak helarazitako prentsa oharra hasieran. Ikastolak azpimarratu du familietako batek urri amaieran duela etxea borondatez uzteko epemuga, hasierako data hilabete atzeratzea lortu ostean, eta prozedura bera jarri du zalantzan: “Familiak salatu duenez, ez dute legez aldez aurretik jaso behar duten salaketaren berri izan, eta beraz, etxegabetze epaiari helegitea jartzeko eskubidea galdu dute. Beste bi familiek ere jaso dute etxea uzteko agindua”.

Armentia ikastolak azaldu du familiek Auzoan Bizi etxebizitza sarera jo zutela elkartasun eske, eta sareak, bestek beste, mobilizazioa antolatu duela urriaren 20rako, ostirala: “Armentia ikastolatik elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta gertutasuna adierazi nahi diegu familiei”.

Eliza katolikoa, pobretuak etxegabetzen Gasteizen

Urriaren 16an argitaratu zuen ARGIAk etxegabetze horien inguruko informazio zabala, kanporatze data hurbilen duen familiako kide Fatimarekin solasaldia izan ostean. Fatimak azaldu zuen egun familiak ez duela beste alternatibarik eta kale gorrian geratuko liratekeela bi gurasoak eta lau seme-alaba adingabeak. Seme-alabak Armentia ikastolan beka bati esker ari zirela ere kontatu zuen solasaldian.

Fatimak Berakahren egiteko moduak zorrotz kritikatu zituen. Salatu zuen Berakah programan parte hartzen duten ehunka familiei erabateko obedientzia eskatzen diela elkarteak, mehatxua eta beldurra zabalduta daudela, edo gardentasunik ez dagoela. “Beste inork horrelakorik bizi ez dezan” eman zituela publikoki azalpenak: “Pertsonalki nahi dudana programatik irtetea da, duintasunez bizi ahal izateko mehatxu eta abusurik gabe. Baina Berakahn egoera oso zaurgarrian dagoen jende asko dago, menpekotasun egoera handian”.

Hala Bedik bideo honetan jaso du berriki Fatimaren lekukotasuna.