argia.eus
INPRIMATU
Armentia-2 putzuaren amaiera ospatu eta trantsizio energetikoaren alde mobilizatzera deitu du Berriztu!-k
  • EAJk eta PSEk Araban azken unera arte proiektua babestu dutela salatu du mugimenduak, eta Madrilen onartutako legeak behartu dituela atzera egitera, baina bestelako “proiektu suntsitzaileak” bultzatzen jarraitzen dutela bi alderdiek. Arabako jendartea lorpenagatik zoriondu eta “benetako” trantsizio energetiko baten alde borrokan jarraitzera deitu ditu herritarrak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko apirilaren 12a
Argazkia: Berriztu.

Gasteizko Udalerriko Armentia-2 putzuaren garrantzia azpimarratu du Berriztu! mugimenduak, ustiatzeko proiektua behin betiko bertan behera gelditu dela jakin ostean argitaratu duen prentsa oharrean. “Amets gaizto baten hasiera besterik ez zen, ondoren euskal lurraldean ehunka putzu egin ahal izateko”.

Trantsizio energetikoaren aldeko talde ekologistak Arabako EAJ eta PSE kritikatu ditu, urtetan “Arabako jendartearen gehiengoaren iritziaren kontra” lehenago frackinga eta ondoren gas erauzketa bultzatzeagatik: "Green Capital", "Larrialdi klimatikoa", eta "herritarren parte-hartzea" bezalako ideiak saltzen dizkigute, baina herritarrek errefusatutako erregai fosilen alde egin dute azken momentura arte, energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizio batean inbertitu beharrean”.

Mugimenduaren ustetan Espainiako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak behartuta egin dute atzera EAJk eta PSEk lurrazpiko gasa ustiatzeko asmoan. “Baina beraien proiektu suntsitzaileekin jarraitzeko asmoa erakusten jarraitzen dute; eolikoen proiektu basatia, Abiaduraren Handiko Trena, Erraustegia, Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta abar”. Azken hamar urteetan Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietateak diru publikoko 80 milioi euro "galdu" dituela salatu du mugimenduak, bere "desegitea" eskatuz.

Trantsizio energetikorako garaia

“Benetako” energia eredu “jasangarri” batera trantsizioa egiteko unea dela ziurtatu du Berriztu!-k, bestelako eredu energetiko bat posible dela azpimarratuz. Arabako jendarte osoa eta urteotan horren alde kalean zein erakundeetan lan egin duten kolektibo eta alderdiak zoriondu ditu, eta herritar guztiak gonbidatu mobilizatzen jarraitzera.