argia.eus
INPRIMATU
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak
  • Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko abenduaren 23a
Larunbateko Berrizturen kontzentraziora herritar ugari batu zen, Gasteizko Udalari exijitzeko gas erauzketaren aurka egin dezan. Argazkia: ARGIA.

Urrian aurkeztu zuen lizentzia eskaera Eusko Jaurlaritzaren SHESA hidrokarburoen sozietateak Gasteizko Udalean. Subillako Armentia-2 putzuan gasik ba ote dagoen ikertzeko zundaketa egin nahi zuen SHESAk. Ezezko erantzuna ematen duen udal teknikarien txostenaren berri Gorka Urtaranek eman du asteartean.

Urtaran baimena ematearen alde azaldu zen iragan astean, besteak beste, herritarrek lurzoruan gasik ba ote dagoen jakiteko “eskubidea” dutela esanez. Txostena ezagutaraztean, udal teknikarien erabakia babesten duela adierazi du, “interes orokorraren” defentsan: "Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko; ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik nire hiriko alkatea naiz, eta hiria defendatzeko nago hemen".

Gasteizko EH Bilduk alkateari eta EAJri exijitu die gasa erauzteko asmo oro baztertu dezatela, eta nabarmendu du “lizentzia ukatzeko erabakia ez dela Urtaranen oparia izan, Gasteizko gehiengo sozial eta politiko batek urteetan egindako lanari zor zaio".

Ezetza “albiste ona” dela adierazi du Berriztuk, eta lorpena herritarrena dela: "Gas proiektu horren aurka agertu diren pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu, eta, batez ere, frackingaren aurkako borroka benetako herri oihu bihurtzea lortu zutenak". Erregai fosilen ustiaketaren aurkako eta eredu energetiko berri baten aldeko mugimenduak kontzentrazio jendetsua egin zuen larunbatean Udaletxe aurrean, SHESAri baimenak ukatzea exijituz.

EAJren bakardadea

Iragan astean gas erauzketaren inguruan EAJren bakardadea agerian geratu zen. Asteartean, Gasteizko Udalaren Klima Ekintzarako udal batzordean, Urtaran alkatea izan zen SHESAri baimena ematearen alde agertu zen bakarra. Oposizioko talde politiko guztiak aurka azaldu ziren, eta EAJrekin batera udal-gobernua osatzen duen PSEk ez zuen ezer esan. Asteazkenean, aldiz, Arabako Batzar Nagusietan gas erauzketaren aurka aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuen PSEk. Gauzak horrela, aste honetako asteazkenean mozio bat bozkatuko da Gasteizko Udalean, eta ikusmina dago PSE EAJrengandik aldenduko den edo ez.

Tapia: “Baliteke gaia hemen ez geratzea”

Asteazken goizean Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak Gasteizko Udalaren erabakiaz hitz egin du Radio Euskadi-n. Armentia-2 putzua ikertzeko SHESAren proiektuak Ingurumen Ministerioaren baimena duela azpimarratu du, eta beraz “esplorazio-zundaketarako baldintzak betetzen” dituela. Udalaren ebazpenaren aurka helegite administratiboa edo auzi-errekurtsoa aurkeztea aztertuko dutela iragarri du Tapiak: "Baliteke gaia hemen ez geratzea".